Euskal presoak etxeratzeko pausoak irudikatuko dituzte bidasoarrek
Sare Herritarrak kalejira berezia antolatu du datorren hilaren 20rako (larunbata da). Hondarribiko Mendelu auzoa eta Irungo Zabaltza plaza lotuko dituzte herritarrek.
Euskal presoen aldeko mobilizazio berezi bat antolatu du Sare Herritarrak Bidasoan. Izan Bidea dinamikaren baitan, hilaren 20rako kalejira bat antolatu dute; Hondarribiko Mendelu auzoa eta Irungo Zabaltza plaza lotuko dituzte herritarrek, euskal presoak etxeratzeko pausoak irudikatuz. «Dinamika honen oinarrian preso eta iheslarien auziari behin betiko aterabidea emateko urratsak eman, jendarte aktibazioan sakondu eta herri honen aniztasuna eta zabaltasuna batzea dago», azaldu du Irungo Sareko kide Odei Eskuderok. Mobilizazioa 12:00etan hasiko dute.
Izan Bidea dinamika erronka batean oinarritzen dela gogoratu zuten atzoko agerraldian: 3.127.326 kilometro egitea, hau da, Euskal Herriko biztanle bakoitzeko bat. Helburura, bidea egitea, «etxerako bidea, elkarbizitzarako bidea, bakerako bidea». Bidasoko herritar bakoitza egitasmo honetan «ibiltari izatea» nahi dute antolatzaileek, «izan norbanako moduan, edota era kolektiboan, hala nola dantza talde gisa edo sindikatu baten baitan».
Bide batez, Irungo Sareko kideek COVID 19aren ondorioz euskal presoek «muturreko egoera» batean daudela salatu nahi izan dute. «Azken asteetan alarma egoerak espetxeetako egoera gogortu du, hainbat kasutan muturreko egoeretaraino eramanez presoen eta euren senideen egoera». Egun, gaixotasun larriak dituzten 17 euskal preso daudela gogoratu dute; 70 urtetik gorako bi preso daude, 65 urtetik gorako 12 eta 60tik gorako 24. Gainera, Espainiako Estatuko kartzeletan dauden euskal presoen %80a etxetik 1.000 eta 4.000 kilometro artean daudela salatu dute. amaitzeko, Espainiako Estatuan dauden 198 euskal presoetatik 151 lehenengo graduan daudela nabarmendu nahi izan dute. Egoera horren aurrean, Espainiako zein Frantziako gobernuei «salbuespen legedia bertan behar uzteko» eskatu diote, «egoerak berak erakusten duen urgentziaz».