Aurrekontuetan hitzartutako akordioen «gehiengoa» martxan ez jartzea leporatu diote udal gobernuari
Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza taldeak salatu du urtarriletik soilik sei emendakin martxan jarri dituztela.
Urtarrileko aurrekontuen hitzarmenak Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza udal taldearen haserrea eragin du. Izan ere, formazio moreko David Soto eta Miren Etxebeste kideek gaurko agerraldian salatu dutenez, oraindik ez dituzte martxan jarri akordio horretan adostutako emendakinen «gehiengoak». «Gehiengoak oraindik ez dituzte ezta hasi ere egin. Eta are gehiago. Konfinamendu aurretik ere ez zituzten martxan jarri», salatu du taldeko bozeramaile Sotok.
Zentzu horretan, alderdi sozialistaren interesen arabera hiria kudeatzeari uztea exijitu diote gaurkoan, eta argi utzi urtarrilean talde progresisten arteko akordio batetara iritsi baziren, denak betetzeko konpromisoarekin adostua izan zela. «Hartutako konpromisoak betetzen ez direla ikusten badugu, PSE-EErekin egun dugun harremanean erabakiak hartu beharko ditugu», gehitu du Sotok. Halere, urtarrilean alderdi sozialistarekin hasitako harremanaren garrantzia nabarmendu nahi izan dute, «alternatiba bakarra EAJ baita».
Gaurko agerraldian ere udal gobernuarekin hitzartutako konpromisoen zerrenda kaleratu du taldeak. Bertan, soilik sei emendakin onartu dituztela ageri da; beste hamaika proposamenen gainean hitz egin dutela azaldu dute, baina erantzun zehatzik jaso ez dutela; 36 emendakin aldiz, bere horretan jarraitzen dutela salatu dute, aurrera pausurik gabe. Gainera, bi emendakinen proposamenen zentzua aldatu dutela ere salatu dute.