Bide publikoaren okupazioagatik erabateko hobaria proposatuko du udal gobernuak
Etziko Ogasun Batzordean proposatuko du goberrnu taldeak bonifikazioa; ostalari eta merkatarientzat onuragarria izan daitekeela neurria uste du Maria Serrano arloko arduradunak.
EAJren Udal Gobernuak bide publikoaren okupazio tasaren %100eko hobaria onartzeko proposamena eramango du etziko Ogasun Batzordera, gaur jakinarazi duenez. Proposamenak batzordeko kideen baiezkoa jasoz gero, hilaren 18rako aurreikusitako osoko bilkurara eramango luke EAJk proposamena.
Merkatariak, eta bereziki, ostalariak, izango lirateke bonifikazio honen onuradun nagusiak Maria Serrano Ekonomiaren Sustapena, Merkataritza eta Turismo zinegotziak azaldu duenez. Itxeki Hondarribia! talka planak eskainitako diru-laguntzez gain, tokiko establezimenduen egoera arintzera dator neurria, eta onartuz gero “positiboa” izan daitekeela uste du hautetsiak.
Emandako zehaztapenen arabera, urtarrilaren 1etik abenduak 31 arte ordaindu beharreko kuotari aplikatuko litzaioke hobaria, “alde batetik, eremu publikoa mahai, aulki, mahaitxo eta beste objektu batzuekin okupatzeko tasari dagokionez, eta bestetik, leihate, erakusleiho edo kanpo mostradoreen bidez saltzeagatik” gehitu du Serranok.