"Herritarren erantzukizunaren garaia" dela iritzi dio Txomin Sagarzazuk
Hirugarren fasea hastearekin batera orain arte egindako lanaren gaineko gogoeta kazetariekin partekatu du gaur goizean alkateak, baita aurrera egiteko zenbait urratsen berri eman ere.
“Ez dago zero arriskurik. Bizi behar dugu arriskuarekin, eta hori kudeatzen ikasi behar dugu”. Horrela mintzatu da Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea gaur goizean eskainitako prentsaurreko telematikoan. Arintzearen hirugarren fasearekin batera balorazioa eskaini nahi izan du agintariak, eta argi utzi duenez, hemendik aurrera, “aginduen garaian baino, herritarren erantzukizunaren garaian” dagoela izurria adierazi du. Zentzu horretan, prebentzio eta higiene aholkuak “behin eta berriz, eta era sistematikoan” betetzera deitu ditu herritarrak.
Udal jardueren eta zerbitzuen berreskurapena ere izan ditu hizpide alkateak. Dagoeneko BAZ, liburutegia, euskaltegia, Arma Plaza informazio gunea, TAO, Uda Jolas eta Uda Abentura… martxan daudela gogoratu du, eta datozen egun edota asteotan gainontzeko zerbitzuak berriz ere abiatzea aurreikusten dutela zehaztu du, hala nola: kiroldegia, Gizarte Zerbitzuen aurrez aurreko arreta zerbitzua, udako programak…
“Pazientzia” eskatu die, era berean, herritarrei “norberaren interesen eta nahien arabera zenbait erabaki lehenago hartzearen alde izango direlako”. Gainera, egoera “dinamikoa” dela nabarmendu du, eta Uda Jolas eta Uda Abentura programak jarri ditu adibide gisa: “Maiatzaren 15ean Eudelen gomendioa izan zen udalekurik ez egitea aurten, eta begira orain, udaleko irekiak egingo ditugu, beste modu batean”.
Hondartza eta bainurako guneak
Ezinbestekotzat jo du Txomin Sagarzazu alkateak hondartza eta bainu guneen gaineko “kezka” mahai gainean jartzea. “Esate baterako, hondartzan ez dugu edukiontzirik jarriko, eta aparkalekua erabiliko dugu hondartzaren edukiera mugatzeko tresna gisa”, azaldu du, eta gogorarazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak Aztiren bitartez lurraldeko hondartzak kontrolatzeko diseinatzen ari diren aplikazioa ekaina hasieran prest egotea espero dute. Hala ere, aldaketak eman daitezkeela udarak aurrera egin ahala gaineratu du. Kai berriari dagokionez, gertatutako “gehiegikeriak” medio momentuz itxita mantenduko dutela zehaztu du alkateak.
Itxialdian zehar turisten edota udatiarren etorreraren inguruan galdetuta, ez dutela halakorik baieztatzeko daturik adierazi du Sagarzazuk. Areago, zurrumurruak entzun ondoren Bidasoko ESIrekin harremanetan jarri zela bisitariak artatu ote zituzten jakiteko erantsi du, baina ezin dela halakorik frogatutzat eman argitu du.
Lan ildoak
Itxeki Hondarribia! talka plana oinarritzat hartu du Hondarribiko Udalak osasun larrialdi egoerari aurre egiteko tresna gisa. Sagarzazuk onartu du hainbat kritika eta iradokizun jaso dituela programak, eta pixkanaka horiek egokitzen saiatu direla. Halaber, Pertsonak eta familia atalean ahalegin “handia” egin dutela nabarmendu du, eta Iosu Alvarez bozeramaile sozialistaren hitzak deitoratu ditu: “Denengana iristen saiatu gara, baina badakigu zaila dela”. Are gehiago, datuak esku artean edukita horiek partekatzea eta irtenbidea bilatzea egokiagoa iritzi dio, eta ez ordea kasuren bat baliatuta gizartea diru-laguntzen programa osora orokortzea. “Udaletxeko ateak herritar guztiei irekiak daude”, gehitu du.
Udala bera ere arintzearekin batera berreskuratzen ari dela funtzionamendua aipatu du Sagarzazuk, eta udal batzordeak egiten hasi direla berriz ere adierazi du. Era berean, hilaren 18rako aurreikusi dute datorren osoko bilkura. Azkenik, egoeraren jarraipena egiteko Itxeki Hondarribia! talka planak zehaztutako ildoei jarraituz, lau mahai eratzea proposatuko diela udal gobernuak gainontzeko alderdiei aurreratu du agintariak.