Hezur-muin emaile bat behar du BATeko Bikendi Aizpioleak
Leuzemiari aurre egiteko hezur-muin baten transplantea behar du 13 urteko kirolariak. «Hilabeteak daramatza borroka oso-oso gogor batean. Gaixotasuna oso krudela da».
Bidasoa Atletiko Taldeak (BAT) eskaera berezi bat zabaldu nahi izan du eskualdeko herritarren artean. Hedabideei bidalitako ohar batean azaldu dutenez, taldeko 13 urteko Bikendi Aizpiolea kide gaztea hezur-muin transplante baten zain dago. «Hilabeteak daramatza borroka oso-oso gogor batean. Amarekin harremana dugunok haien egunerokoa ezagutzen dugu, eta sekulako sufrimendua da. Gaixotasuna oso krudela da», diote klubeko iturriek. Egoera horren aurrean, hezur-muin emaile baten bila dabil kluba, 18-40 urte bitarteko herritarrei «bizitza bat salbatzeko» laguntza eskatu diete.
Joan den otsailean atzeman zioten Aizpioleari gaixotasuna, Plaiaundiko eskola arteko jardunaldi baten ostean. Donostiako Ospitalean ingresatu behar izan zuten, eta berehala hasi zuen kimioterapia prozesua. Bertan, leuzemia diagnostikatu zioten.
Gaixotasunari aurre egiteko, hezur-muineko transplante bat behar du, klubetik diotenez, «gaitzik gabeko hezur-muin bat». Orain arte gehienez %50ean bateragarriak diren hezur-muinak aurkitu dituzte medikuek, eta portzentai handiagoko bat behar duela nabarmendu du klubak.
Hezur-muinaren transplanteak zertan datzan jakiteko, bideo bat zabaldu dute klubeko kideek. Emaile izateko interesa dutenak, esteka honetan apunta daitezke.