E4H lehiaketarik nazioartekoena jokatu du Marlaxkak asteburuan
Nazioarteko 108 jokalarik parte hartu zuten larunbat arratsaldean Lichess plataforman jokatutako partidan; Isralego Jeruchess taldea gailendu zen azkenean.
EH4 lehiaketaren beste jardunaldi bat jokatu zuen Marlaxka Xake Klubak larunbat arratsaldean. Itxialdia hasi zenetik, inoiz jokatutako txapelketa birtual nazioartekoena izan zen larunbatekoa, eta denera, mundu mailako 108 jokalarik parte hartu zuten. Azkenean, Israelgo Jeruchess taldea suertatu zen lehiaketaren garaile. Marlaxkak bere aldetik, hirugarren postua bete zuen.
Hala, hasiera batean EH4 lehiaketan parte hartzen zuten lau taldeak Gasteizko Martintxo Xake Taldea, Santurtzi Xake Taldea (Bizkaia), Oberena (Iruña) eta Marlaxka ziren arren, oraingoan lau kontinentetako ordezkariak aritu dira gonbidatu gisa, besteak beste: Salou Chess Club (Tarragona, Herrialde Katalanak), Pielagoseko Xake taldea (Kantabria, Espainia), Israelgo Jeruchess xake taldea, Argentinako Ajedrez Villa Mercedes, XDM Escola CIDU taldea (A Coruña, Galizia) eta Francistown School of Chess (Botswanako Errepublika).
Lehia “gogorra” bizi zuten xake jokalariek larunbatean, eta Salouko taldea lehen postuan joan arren, azkenean, Israelgoa gailendu zitzaion. Hala eta guztiz ere, Marlaxkako kideek gogorarazi dutenez, “amaierako emaitzak direnak direla, txapelketa honetan xakea eta adiskidetasuna dira garaile. Zorionak guztioi!”.