"Kezka" agertu du Abotsanitzek indarkeria matxistaren azken datu ofizialekin
Segurtasun Sailak ezagutarazi berri ditu 2019. urteko azken datu ofizialak, eta indarkeria matxista "hazi" dela agerian utzi dute: "Bereziki sexu indarkeria jasotzen dituztenak".
2019. urteko indarkeria matxistaren azken datu ofizialak plazaratu ditu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, eta horiekiko “kezka” agertu du Abotsanitz Herri Batzarrak, “bereziki sexu indarkeria jasotzen dituztenak”. 2018an, bi sexu indarkeria salaketa jarri ziren arren, 2019an sei izan zirela publiko egin du alderdiak, “hiru aldiz gehiago”.
2019. urtean berrogei indarkeria matxista kasuren berri izan zuen Segurtasun Sailak; horietatik 32 bikotekideak edo bikotekide ohiak egindakoak izan ziren, bi familia barruko giroan, eta sei sexu indarkeriari lotutakoak. 2018an baino hamaika kasu gehiago izan zirela 2019an zehaztu du Abotsanitzek, “bikote edo bikote ohien kasuak 22tik 32ra pasatu ziren, %45eko gorakada. Familia barrukoak gutxiago izan dira, bostetik bira jaitsi ziren. Eta, esan bezala, sexu indarkeria kasuak bitik seira igo ziren”.
Egoera ikusita “hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua” dela iritzi dio Abotsanitzek, “berdintasun politikak ezartzeko garaia”, alegia. Hori dela eta, oposizioa osatzen duten udal talde guztiek zein Emakundek egindako eskaria onartzeko galdegin dio Abotsanitzek EAJren udal gobernuari. “Berdintasun politikak abian jarri eta indarkeria matxistaren kontra borrokatu nahi badugu, Hondarribiak Berdintasun teknikari, departamentu eta aurrekontu propioak behar ditu, hori gabe ezingo baita inoiz iaz onartutako Berdintasun Plana burutu”.