Uda Jolas eta Uda Abentura programak uztailean garatuko direla baieztatu du udalak
Aurreko urteetako programekin alderatuta, ezberdintasunak egongo direla onartu du Txomin Sagarzazu alkateak, hainbat aldaketa egitea "nahitaezkoa" baita.
Hondarribiko Udalak haur eta gazteei zuzendutako uztaileko Uda Jolas eta Uda Abentura programak aurrera eramango dituela baieztatu du gaur Txomin Sagarzazu alkateak komunikabideetara bidalitako oharrean. Ez dira, hala ere, ohiko formatuan egingo, osasun larrialdi egoerara egokitzeko zenbait neurri hartzea “nahitaezkoa” baita, agintariak adierazi duenez.
Aurtengoan, beraz, hilabete bateko iraupena izan beharren, hamabost eguneko bi txandetan garatuko da Uda Jolas programa. Era horretan, izena eman duten 240 haurrei parte hartzeko aukera eskainiko zaiela argitu du Sagarzazuk. Uda Abenturari dagokionez, bestalde, arratsaldeko txanda bertan behera utzi eta jarduera guztiak goizez egingo direla zehaztu du.
Eusko Jaurlaritzak finkatutako irizpideak jarraitu dituztela adierazi du, halaber, Sagarzazuk. Izurriaren “eboluzio positiboa” ere aintzat hartu dutela, erantsi du, baita segurtasun neurri guztiak betearaziz haur zein gazteen “sozializatzeko beharra” ere.