Larrialdi diru-laguntzak ez direla eskatzaile guztiengana iritsi salatu du PSE-EEk
Gizarte Zerbitzuek pilatutako lan karga medio eskatzaileek ez dutela maiatzari dagokion diru-laguntza jaso diote sozialistek, eta egoera konpondu beharrean Lanbidera bideratu dituztela salatu dute.
Iosu Alvarez Hondarribiko PSE-EEren udal taldeko bozeramaileak salatu duenez, larrialdi diru-laguntzaren eskatzaile guztiek ez dute maiatzari dagokion kopurua jaso. Herritar horien kezka helarazi zion hilaren 2an talde sozialistak bozeramaileen batzordeari, eta erabakitakoaren arabera, apirilean antzeko egoera zutenekin harremanetan jartzea erabaki zuten Gizarte Zerbitzuek. Hala eta guztiz ere, eskatzaileak diruz lagundu beharrean Lanbidera bideratu zituztela salatu du Alvarezek, “alokairurari eta oinarrizko produktuen erosketari aurre egin ahal izateko udal diru-laguntzak” beharrezkoak dituztela nabarmendu du.
Talde sozialistak zabaldutako informazioaren arabera, maiatzaren 5ean 78 ziren irekitako espedienteak, eta 78.8325 euro banatu zituzten diru-laguntzetan. Hil honen 2an, ordea, “larrialdi egoera amaitzear dagoenean”, espediente koprua 96koa zela zehaztu du Alvarezek eta denera, 105.900 euro bideratu direla herritar horiek diruz laguntzera.
Hondarribiko Udalak aurreikusitako 1.100.000 euroko diru-sailetik “soilik 110.000” gastatu izana zailtasun ekonomikoak dituzten herritarrak laguntzen deitoratu du Alvarezek. Etorkizunean atzerapenak ekiditeko Gizarte Zerbitzuetako langile kopurua handitzea galdegin du sozialistak.