Patximoskeneako lanetan "irregulartasunak" salatu ditu Abotsanitzek
Etxebizitzak eta trastelekuak elkartzeko asmoz hasierako proiektua eraldatu izana leporatu dio Abotsanitzek Vusa eraikuntza enpresari, eta "obraren kontrol jarraitua" galdegin die udaleko zerbitzu teknikoei.
Saindua eta Tximista artean eraikitzen ari diren Patximoskenea promozioan “irregulartasunak” antzeman dituela salatu du Abotsanitz Herri Batzarrak. Muliate eremuan Vusak 2019an entregatutako zenbait etxebizitzekin gertatu bezala, oraingoan ere, “Hondarribiko Udaleko zerbitzu teknikoek irregulartasun larriak” antzeman dituztela ezagutarazi du udal alderdiak. Hori dela eta, “kontrol jarraitua” egin dezaten eskatu dio Abotsanitzek udal zerbitzu teknikoei.
Hala, hasierako proiektua eraldatu izana leporatu diote eraikuntza enpresari, “etxebizitzak eta gune auxiliarrak lotzea ahalbidetuz”. Modifikazioa “debekatuta” dagoela argitu du Abotsanitzek, “besteak beste, eraikuntza maila gainditu eta suteen kontrako erresistentzia murriztuko lukeelako”.
Emandako azalpenen arabera, 2018ko urrian jaso zuen enpresak eraikuntza baimena, eta bertan zehaztuta zegoen “aldaketak egin behar zirela, zehazki, sestra azpiko txokoetan”. Komunak kendu behar zituen enpresak, eta beraz, ezingo lukeela “lokal nagusirik” eraiki bertan adierazi zitzaion. Are gehiago, sestra azpiko distribuzioan aldaketak egitera derrigortu zuen enpresa “independentziako atarteak zirkulaziorako soilik izan daitezkeela ohartaraziz, eta ez etxebizitzen erabilera osagarri gisa erabiltzeko”. Hain zuzen ere, txokoak eta gainean kokatutako etxebizitzak elkartzeko ezintasunaren berri eman zitzaion enpresari, “duplexak ezingo zituela sortu” argituz.
Hala eta guztiz ere, iragan apirilaren 28an, azken solairuko forjatuetan baoak eraikitzen ari zirela antzeman zuten udal zerbitzu teknikoek, eta horiek etxebizitzak eta trastelekuak lotzeko aukera ematen zuela, duplexak eraikitzea ahalbidetuz. Hori dela eta, maiatzaren 4ko alkate dekretuak “baoak berehala kentzeko eta forjatua onartutako proiektuan adierazten zenaren arabera eraikitzeko exijitu zitzaion enpresari”. Enpresaren aurkako zehapen espedientea zabaltzea aztertuko zutela ere zioen dekretuak.
Aurrekariak
2019an Vusak eraikitako Muliateko hiru promozioetan “irregulartasunak” antzeman zituela ikusketa tekniko zerbitzuak azaldu du Abotsanitzek. Lanak ez zirela onartutako proiektuei jarraituta egin ondorioztatu zuten, baina hala ere, “egun gutxira etxebizitzek bizigarritasun baimena jaso zuten, baita irregulartasunak zuzendu gabe jaso ere”. Areago, orain egiten saiatu bezala, etxebizitzak eta trastelekuak elkartu zituen Vusak Muliaten.
Hori guztia dela eta, Patximoskeneako lanen “kontrol jarraitua” egiteko galdegin du Abotsanitzek, eta enpresako arduradunekiko konfiantza eza argudiatuta, “kontrol txostenak oposizioko lehen aldierdiarekin konpartitzeko” eskatu du herri batzarrak udalean.