Kulturari ateak zabaldu dizkiote
Ia hiru hilabete geldirik egon ostean, atzo berriro ateak zabaldu zituen Irungo Kabigorri ateneoak, osasun eta segurtasun neurri guztiak kontuan hartuta.
Irungo Kabigorri ateneoa bueltan da. Ia hiru hilabete luze bezain gogorren ostean, berriro ateak zabaldu zituen atzo. Normaltasun berrira egokitzen hasi dira bertako bazkideak, eta pixkanaka, datozen hilabeteotako ostegun, ostiral eta larunbatak kulturaz betetzen hasiko dira.
Konfinamendua luzea izan dela aitortu du Kabigorriko batzordeko kide Pedro Martinek. «Luzeak egin zaizkigu hilabete hauek, baina batez ere kaltegarriak. Gogo handiz ginen berriz ere irekitzeko». Larrialdi egoeraren ondorioz aurrekontu murritz batekin geratu direla kontatu du, beraz, lehenbailehen irekitzeko premia ikusi dute. Gainera, kultur agenda hori berreskuratzea ere beharrezkoa ikusi dute bertako bazkideek, Irunen handia izan baita azken hilabeteotako kultur eskaintzaren hutsunea. «Hiriko kultura berpiztea beharrezkoa da garai hauetan. Kultura zintzilik dago egun, eta nolabait berpiztu behar dugu», gehitu du Martinek.
Irekiera «proba modura» baliatuko dute, urteko egitaraua eta eskaintza egokitzen hasteko. «Jendeak gaurtik aurrera Kabigorrin nola jokatzen duen probatu nahi dugu, zer nolako eskaintza nahi duten jakin». Hala, datorren hilabetetik aurrera ohiko ekitaldiak berreskuratu nahi dituzte, hala nola, bertso gauak, ikus-entzunezkoen proiekzioak edota hitzaldiak. «Oraindik ez gara ausartzen egitarau zehatz bat prestatzera. Legeak etengabe aldatzen ari dira, astero. Bitartean baimentzen dizkiguten ekitaldiak eskainiko ditugu, ez dugu gelditzeko asmorik».
Irekiera, gainera, berezia izaten ari da. Izan ere, ohiko osasun eta segurtasun neurriez gain, bestelako taberna edo elkarte gastronomikoetan bezalaxe, %50eko edukierarekin zabaldu dute. Halere, terraza handitzeko baimena eskuratu dutela kontatu du Kabigorriko kideak. Beraz, ohiko bi mahaiez gain, beste bi berri eskuragarri izango dira. Edaria edota janaria eskatzeko, aldiz, kanpoko zein barruko mahaietan itxaron beharko da.
Kabigorriren egungo egoerari erreparatuta, ohiko bi langileek hiru hilabetez aldi baterako lan erregulazio espediente bat jaso dute, baina atzotik, ordea, «ohiko lanpostua berreskuratu» dutela dio, pozez, Martinek. Beraz, ostegun, ostiral eta larunbatero bertaratzeko aukera dago jada.
Konfinamenduak eragindako krisiari ahalik eta azkarren aurre egiten hasteko, irundarrengana jo dute azken hilabetean Kabigorriko kideek, herritarren babesari esker ere aurrera pausoak eman dituzte. Babes kanpaina bat abiarazi zuten konfinamendu garaian, hilean euro baten truke, egitasmoa babesteko. «Orain arte 80 lagun inguruk bat egin dute babes kanpainarekin, oso eskertuta gaude». Aurrera begira ere kanpainarekin jarraitzeko asmoa dute, babes kopuru hori handitzea izango da Kabigorri ateneoaren hurrengo helburuetako bat.
Kanpainatik harago, bazkide formula inoiz baino garrantzitsuagoa dela nabarmendu du Martinek. Bide batez, bazkide egitera gonbidatu ditu herritar guztiak, egitasmoaren alde euren hondar aletxoa jartzera. «Kabigorri da Irunen erakundeetatik kanpo dagoen kulturgune bakarra, erresistentzia gune bat da eragile askorentzat. Mantendu behar dela uste dugu, irundarrek maite duten toki bat da, jendea oso gustura aritzen da hemen. Gerturatzen diren lagun berriak damutuko ez direla uste dut».
Bazkide egiteko, edota ateneoaren gaineko informazio eta xehetasun gehiago jaso nahi dutenentzako, 943 635 333 telefono zenbakia, posta elektroniko helbide hau eta Kabigorriren webgunea eskuragarri daude.