Irungo gazte kuadrillek bi egun handi ospatuko dituzte aurten
Ekainaren 27an egitekoa zen Kuadrillen Eguna moldatzea erabaki du Betti Gottik, eta egun handirako antolatutako egitaraua azaroan egitea aurreikusi dute, «egungo egoerak uzten badigu».
Aurten Kuadrillen Egunaz gozatzeko aukera izango dute irundarrek, baina ezohiko moduan. Hori izan da Betti Gotti Euskara Kultur Elkarteak hartutako azken erabakia. «Beste urte batez Kuadrillen Eguna antolatu nahi izan dugu. Hamabigarren honetan, guk nahi ez bezala, udalaren murrizketek eta pandemia baten alarma egoerak asko baldintzatu gaitu», adierazi dute gaur San Juan plazan eskaini duten agerraldian. Beraz, egitarau osoa egungo egoerari egokituta prestatu dute, segurtasun eta osasun neurri guztiak kontuan hartuta.
Udalarekin eta Ficobarekin hitz egin ostean, honakoa erabaki hau hartu dute: ekainaren 27an (larunbata) egitekoa zen Kuadrillen Eguna moldatuko dute, eta azaroan berriz, Kuadrillen Egun indartsu bat osatzeko apustua egingo dute, «egoerak hala uzten badigu».
Ekainaren 27koa erabat ezohikoa izango da. Ficobaren egungo egoera kontuan hartuta, ezingo dute bertan aurreikusitako ekitaldirik egin, tartean 1.700 lagun inguruko bazkari erraldoia, 3.500 lagunetik gorako kalejira, olinpiadak, txaranga, dantzaldia (3,400 lagun ingurukoa) edo poteoa. «Guzti hori ezinezkoa da egitea pandemiaren egoeran, fase ezberdinak izanda ere». Hala, lehen erabakia hiriko balkoi eta leihoak Kuadrillen Eguneko zapiekin apaintzea izango da (zapiak hiriko denda eta komertzio txikietan eskuratu ahal izango dira). Gainera, 27 eta 28an zapia egun osoz janzteko deia egin dute. Aurtengo kolorea, lila izango dela iragarri dute.
Ekainaren 27a Irungo Txistulari bandaren dianarekin hasiko dute. Ondoren, ohiko Olinpiadak egingo dituzte, baina aurten, modu berezian. Sei laguneko kuadrilletan banaturik (pilaketa handiak ekiditeko), 10:00etan, antolatzaileen jarraipenak segitu beharko dituzte. Antolakuntza San Juan plazan izango da, sareetatik guztia transmitituz. Ondoren, 14:00etan, balkoietatik puztuki batzuk lehertzeko deia egin dute, Ficobako bazkari hasieran urtero egiten duten bezalaxe. Eta eguna biribiltzeko, Kuadrillen Egunean jotzea aurreikusia zuten taldeek sareetatik kontzertua eskainiko dute.
Egun handia
Azaroan aldiz, «benetako Kuadrillen Eguna ospatuko» dutela iragarri dute, baina oraindik egitarau zehatzik ez dute kaleratu. Motorrak berotzen hasteko, laburmetrailen lehiaketa bat prestatu dute. «Sorpresa gehiago ere lantzen gabiltza». Laburmetrailen lehiaketan zortzi laguneko kuadrillek ahalko dute parte hartu, eta izen bateratu batekin aurkeztu beharko dira. Hilaren 15etik irailaren 30era bitarte gehienez 20 minutuko ikus-entzunezkoak entregatu daitezke. «Gaia librea izango da, baina, filmak, istorio guztiek eduki behar dute moraleja bat». 2.000, 1.000 eta 500 euroko sariak banatuko dituzte lehenengo hiru sailkatuen artean. Parte hartzeko, helbide honetara idatzi beharko da.
Udazkenean zabalduko du Betti Gottik azaroko Kuadrilla Eguneko egitaraua. «Pandemia egoerak uzten badigu, Kuadrilla Eguna Ficoban ospatu nahiko genuke. Bestela ere laburmetraien txapelketa burutuko dugu egoerari egokituz». Kuadrillen Egunean bertan lehiaketaren bi finalisten proiekzioa, sari banaketa eta dantzaldia ere egitea aurreikusi dute.
Amaitzeko, ekaineko ospakizunetan ateratako argazki eta bideoak elkartearekin elkarbanatzeko deia egin dute. «Zapia ikus dadila eta giroa mantentzen dugula erakustea eskatzen dugu. Eta nola ez, pandemiaren egoerari begira jende guztia zentzuz joka dezala eta jarrai dezagula tinko egoera honek atzera egin dezan desagertu arte». Informazio eta xehetasun gehiago, esteka honetan eskuragarri jarriko dute.