Hiriko kiroldegiak motorrak berotzen hasi dira
Hilaren 10en zabalduko dituzte ateak Azken Portu eta Artaleku kiroldegiek. Hilaren 15era bitarte soilik fitness eta fisioterapia zerbitzuak erabili ahalko dira.
Irungo kiroldegiak prest daude normaltasun berrira egokitzen hasteko. Azken Portu eta Artaleku kiroldegien irekiera mailatua izango dela iragarri du udalak, eta hilaren 10etik (asteazkena da) aurrera zabalduko dituztela.
Lehen egun eta asteetan soilik fitness eta fisioterapia zerbitzuak erabili ahal izango dira, aldez aurretik hitzordua eskatuta. Timp aplikazioa baliatuko dute izen emateak egiteko. Halere, 943 50 57 57 (Artaleku) eta 943 50 57 80 (Azken Portu) telefonoak ere erabili daitezke horretarako.
Ekainaren 15etik aurrera aldiz, Azken Portuko igerilekua zabalduko dute, edukiera murriztuarekin eta aldez aurreko hitzorduarekin. Egun bakoitzeko erreserba bana egin ahalko da. Artalekuko igerilekuak aldiz, beranduago irekiko dutela jakinarazi du udalak, bertan obrak egiten ari baitira. Bi kiroldegietako spa eta sauna guneek itxita jarraituko dute.
Ordutegia, honakoa izango da: astelehenetik ostiralera (7:00-22:00), larunbatetan (7:00etatik 21:00etara) eta igande eta jai egunetan (9:00etatik 14:00etara).
Abonuak
Abonuei erreparatuta, urtarrila, otsaila eta martxoko kuota bueltatuko dutela azaldu dute. Apirila, maiatza eta ekainean aldiz, bazkideek ekaineko hilabete erdia ordaindu beharko dute.