Guztion Alardea: "2021eko alardea, alarde historiko eta are bereziagoa izango da"
Gatazkaren konponbidearen aldeko taldeak Alarde Fundazioak aurtengo desfilea bertan behera utzi izana erabaki "oso ausarta" dela iritzi dio, eta burgomaisuaren hitzekin bat eginez, datorren urteko alardearen garrantzia nabarmendu du.
Guztion Alardea gatazkaren konponbideaeren alde sortutako gazte taldeak Alarde Fundazioak hartutako erabakia baloratzeko oharra igorri du komunikabideetara. Alardea bertan behera utzi izana “oso ausarta” dela iritzi dio taldeak, areago: “Zalantzarik gabe munduak bizi duen egoeraren aurrean arduraz betetako erabaki egokiena dela uste dugu”.
Hortaz, burgomaisuak esandako hitzak propio egin ditu Guztion Alardeak, eta “2021eko alardea, alarde historiko eta are bereziagoa” izango dela ziur agertu da, eta erantsi duenez, “zentzu horretan, gure ustez, hondarribiarrak berriro batuko gaituen eta etorkizunera begiratuko duen alarde bat bermatzea ezinbestekoa ikusten dugu, alegia, hondarribiar guztiona”.
Aurtengo irailaren 8a egun “arraroa” izango dela onartu du Guztion Alardeak, eta egoerak exijitzen duen “elkartasuna kontuan hartuta, hilak 8an, senideen, lagunen edo edozein hondarribiarren artean inongo zatiketarik” ez egoteko itxaropena agertu dute taldekideek, “gure herria batasunean bizitzeko eguna izan behar duelako aurtengoa”.
Emakumeen parte hartzea jaietan, nahieran, babesteko apustua egin zuen Guztion Alardea taldeak bere burua aurkeztu zuenean. Hala, Alarde Fundazioaren zenbait jarrerekin “kritikoak” izan direla onartu dute gazteek, nahiz eta gaurkoan, hartutako erabakiari sostengua adierazi nahi izan dioten: “Alardeko Agintarien Batzordeak eta Alarde Fundazioak egunotan hartutako erabaki zailaren alde jarri nahi dugu”.