[Erreportajea] Iluntasunaren lainopean
Hamaika dira munduan glifosatoaren erabilera debekatu duten administrazio publikoak. Ingurumen eta osasun kalteak frogatutzat eman dituzte hainbat ikerketek. OMEk kartzinogeno posible gisa sailkatu zuen 2015ean.
Mundu mailan oso hedatuta dagoen herbizida da glifosatoa. Nekazaritzan maiz erabili ohi den produktua da, baita lorezaintzan ere, herri eta hirietako toki publikoetan zein errepideetan. Produktu honen erabilerak, dena den, eztabaida piztu du azken urteotan, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) minbizia eragin dezakeen produktu zerrendan 2015ean barneratu zuenetik. Europako Batasunak (EB), ordea, Bayer enpresak sortutako lobbyaren presiopean, glifosatoaren erabileraren lizentzia 2022ko abendura arte luzatzea erabaki zuen.
Hondarribian glifosatoa da udalak azpikontratatutako lorezaintza zerbitzuak erabilitako herbizidetako bat. Hala jasotzen du Abotsanitzen udal taldeak glifosatoaren erabilera eteteko aurkeztutako mozioak. Areago, hainbat laborarik ere glifosatoa erabili ohi dutela adierazi du Igor Enparan alderdiko bozeramaileak: «Susmoa dago urera ere iragazten diren gune batzuetan erabiltzen ari dela».
HITZA-k orain dela aste batzuk Alde Zaharreko bizilagun baten kezka jaso zuen glifosatoaren herriko erabileraren inguruan. Arduratuta zegoen auzokidea toki publikoetan herbizida hori herritarrentzako zein animalientzako segurtasun neurririk hartu gabe erabiltzen ari zirelako. Abotsanitzen kasuan ere, udaberri hasieran bi herritarren kexak jaso zituztela azaldu du Enparanek, baina aurretik ere «ahoz ahokoan» zegoela onartu du. «Kexa moduan iritsi zitzaigun, ea zerbait egin zitekeen glifosatoaren erabilera eteteko, bereziki toki publikoetan non txakurrak eta gizakiak pasa zitezkeen», gehitu du.
«Haritik tiraka» hasi zirela kontatu dio bozeramaileak HITZA-ri, eta lorezaintzako langileei galdetu zietenean «baietz» erantzun zutela esan du, «urteak zeramatela erabiltzen». Enparanen esanetan, borondate txarrik gabe erabiltzen dute glifosatoa, baina lan karga guztia betetze aldera zenbait muga dituztelako erabiltzen dutela onartu zutela.
Herbizidaren xehetasunak
Glifosatoa espektro zabaleko herbizida bat da, landareen aminoazidoen sintesian eragiten duen herbizida. Koldo Hernandez Bizkaiko Ekologistak Martxan taldeko kidea da, eta Hormona kutsatzaileen ezabapena. Administrazio publikorako gida izenpeko txostenean parte hartu zuen. Argi hitz egin du Hernandezek, eta mundu mailan gehien saldutako herbizida izan arren, lehen aldiz merkaturatu zutenetik eztabaida sortu duen produktua dela esan du.
OMEren menpeko Minbiziaren Ikerketerako Nazioarteko Bulegoak kartzinogeno gisa sailkatu zuenean, «AEB, Japonia, Kanada edota EBko organismo erregulatzaileak desados agertu ziren, eta apenas kalterik eragiten duen produktua dela izan zen euren ondorioa». Denborak aurrera egin ahala, ordea, gero eta ikerketa txosten gehiagok osasunerako produktu «arriskutsua» dela ondorioztatu dute. Hori dela eta, «debekaturik egon ezean, bere erabilera kontrolpean egon beharko litzateke gutxienez».
Hernandezen arabera, «gero eta ebidentzia nabarmenagoak daude disruptore endokrino gisa funtzionatzen duela; hau da, hormona sistemaren ohiko funtzionamendua aztoratu egiten duela». Sistema hau bereziki garrantzitsua da gizakien eta animalien bizitzan, Ekologistak Martxan taldeko kideak azaldu duenez, «batez ere bizitzaren garapen fase ezberdinetan, fase fetala kaltetuena suertatzen delarik».
Zentzu horretan, ondorioak «larriak» izan daitezkeela zehaztu du ekologistak, «bizitzan zehar edota esposiziotik urteetara ere». Azaldutakoaren arabera, zenbait kasutan, ondorioak ez dira norbanakoak momentu jakin batean sufritutako esposizioagatik, «haien amek edo amonek pairatu dutelako esposizio hori baizik». Kasu honetan ez dela genen eraldaketa ematen kontatu du Hernandezek: «Gen horiek espresatzeko duten formek pairatzen dute aldaketa».
Lorezaintzan ematen den erabileraren bitartez irits daiteke gizakion eta animalien arnas bideetara, baina baita elikadura katera edo oinarrizko produktuetara ere: «Produktu baten oinarria edo fabrikazioaren parteren bat begetal baten menpean dagoenean agertzen da glifosatoa. Euria egiten duenean, urarekin batera glifosatoa ere erortzen da, eta ezin dut %100ean ziurtatu, baina Europako herritar gehienek ere glifosatoa txiza egiten dugu».
Hego Euskal Herrian eta Espainian nekazaritzan eta lorezaintzan erabiltzearen arrazoian bat egin dute Enparanek eta Hernandezek: «Produktu merkea da». Horrez gain, lehenaren arabera, herbizida «efizientea» ere delako; bigarrenaren ustez berriz, «lan merkatutik jende asko kanporatzen duelako». Hain zuzen ere, errepideetako arekak garbitzeko lantalde bat kontratatu beharrean, «furgonetatik bertatik fumigatzen joaten dira, batek gidatzen du eta besteak fumigatu, eta hainbat lanpostu aurrezten dituzte horrela».
Transgenikoak ekoiztuz
Glifosatoaren erabilera are arruntagoa da elikagai transgenikoak ekoizten dituzten laborantza gune handietan, Ekologistak Martxan-eko kideak azaldu duenez. «Elikagaiaren modifikazio genetikoaren %80 herbizida jakin bati aurre egiteko diseinatuta dago», dio Hernandezek. Glifosatoaren hastapenetan desabantailarik nagusiena zen «dena erasotzen zuela, hil nahi zenuena, zein bizirik mantentzeko interesa zenuena ere». Genetikoki eraldatutako organismoekin aldiz, laborantzaren edozein unetan aplika dezakezula glifosatoa gehitu du kideak. Hori dela eta, «edozein lekutan» eta «kantitate oso handitan» aurki daiteke.
Ildo beretik mintzatu da Enparan produktu transgenikoei buruz, eta «mundu mailan erabilera masiboa» duen produktua dela nabarmendu du. Horren ondorio zuzenda da «lurrera eta urera iragazten den glifosatoa, eta azkenean, elikadura katearen bitartez ere iristen da gizakiarengana».
Prozesu hau eteteko helburuarekin aurkeztu du Abotsanitz Herri Batzarrak glifosatoaren erabilera eteteko mozioa. Demostratutzat jo dute alderdikideek herbizida honen erabilerak kalte fisikoak sorraraz ditzakeela. Are, munduan baieztapen hori sostengatzen duten hamaika sententzia daudela erantsi du udal taldeko eledunak. Iraunkortasuna bultzatzea inoiz baino garrantzitsuagoa dela ere iritzi dio bozeramaileak, «bizi dugun pandemiarekin harreman zuzena duela kontutan hartuta». Hortaz, formazioa eta baliabideak eskaintzea da mozioak proposatutakoa, eta aldaketa, «sinbolikoa» bada ere, urrats txikiak eginez «egunerokoan bizitza lantzeko joerak» aldatzeko modua izan daitekeela uste du.
Hernandezek, bere aldetik, glifosatoa eteteko alternatibak badirela argi utzi du, baina administrazioen ardura dela horiek martxan jartzea gaineratu du. Nekazaritzaren hastapenean glifosatoa ez zela existitzen adierazi du umorez. Hortaz, hausnarketa sinple bat egin eta partekatu du: «Lehenik eta behin, galdetu zergatik hil nahi dugun belar hori soilik belar bat bada, eta bigarrenik, beharrezkoa bada, zergatik izan behar du hain kaltegarria den produktu kimiko batekin?».
Herbizida eta hazi transgenikoen arteko ekuazioa
Monsanto taldeak (AEBetakoa) merkaturatu zuen lehen aldiz Roundup izeneko glifosato herbizida 1973an. Hamarkada bat geroago, landare zelulen gaineko eraldaketa genetikoari ekin zion taldeak, eta 1996an Roundup Ready soja hazi trasgenikoak merkaturatu zituen. «Genetikoki eraldatutako elikagai eta herbizida baten arteko konbinaziorik arrakastatsuena da», azaldu du Ekologistak Martxan-eko Koldo Hernandezek. Roundup Ready haziek Roundup glifosatoari aurre egiten diote, beraz, laborariek nahieran erabil dezakete. Herbizidak eragindako kalteengatik hamaika epaiketa galdu ditu, halere, Monsantok.
2018an Bayer-ek (Alemaniakoa) erosi zuen Monsanto, eta geroztik glifosatoa babesteko lobbya sortu zuen Europan, herbizidaren gaineko debekua EBn atzeratzea lortuz.
Glifosatoaren eraginez sor daitezkeen eritasunen zerrenda:
- Kartzinogeno probablea. Minbizia eragin dezake.
- Ugaltze aparatuan kalteak.
- Teratogenesia. Enbrioiaren malformazioa.
- Jaiotzetiko akatsa.
- Garuneko erasana. Autismoa, alzheimerra.
- Toxikotasun akutua. Inhalatzeagatik arriskua.
- Alterazio metabolikoa. Zenbait elikagaiekiko intolerantzia.
- Disruptore endokrinoa. Hormona kutsakorra.
*Iturria: Aragoiko CCOO sindikatuaren Glifosatoaren erabilerari eta sintesi kimikoko beste herbizidei alternatibak (2016) izenpeko txostena.