3. fasean dago Bidasoa: zer (gehiago) egin daiteke astelehenetik aurrera?
3. fasean da Bidasoa: zer (gehiago) egin daiteke? Hemen, fase berrian egin daitezkeen gauzetako asko, zerrenda batean.
Espainiako Gobernuak erabaki du Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroa koronabirusaren arintze fasean aurrera egin behar dutela, hau da, astelehenetik 3. fasean izango direla Hego Euskal Herriko herrialde horiek. Beraz, Bidasoa ere bai normaltasun berria-ren atariko fasera igaroko da.
Jarraian dagoen zerrendan, Espainiako Gobernuak baimendu dituen arau orokorrak daude. Horiei Eusko Jaurlaritzak gehiago gehi diezaizkioke (edo daudenak murriztu). Izan ere, 3. fase horretan, aurrera egin duten erkidegoetako agintariek hartuko dute arintzearen ardura, eta haiek erabakiko dute osasun irizpideak ardatz hartuta noiz igaro normaltasun berrira.
Honakoa, zer (gehiago) egin daitekeen 3. fasean:
- Ez da egongo inolako ordutegi araurik kalera irteteko. 20 laguneko taldeak bil daitezke.
- Araba, Bizkai eta Gipuzkoa artean mugitu ahalko dute herritarrek, baina ezingo da Nafarroara joan alarma egoera bukatu arte.
- Taberna eta jatetxeen barruan kontsumitzeko aukera zabalduko da. Terrazen aforoa %75era zabaltzeko aukera dago (tokian tokiko udalek hori handitu dezakete), eta tabernetako barran kontsumitzea utziko da, betiere pertsonen/taldeen arteko bi metroko distantziarekin.
- Denda txikiek %50eko aforoa izan dezakete.
- Zinemak. antzokiak, auditorioak, ikuskizunak ematen dituzten aretoak edo zirkuak irekiko dituzte, beti %50 gehienezko aforoarekin, eta eserita. Eserlekuek izendunak izan behar dute (aurrez erreserba egin beharko da).
- Museoek zabaltzeko aukera dute, %50eko aforoarekin. Taldeko bisitak gehienez 20 pertsonakoak izango dira.
- Igerilekuak eta kiroldegiak %30eko aforoarekin erabiltzeko aukera egongo da.
- Haur eta gazteentzat bideratutako aisia ekitaldiak baimenduko dira: espazio zabaletan 200 pertsona bildu daitezke gehienez, itxietan 80.
- Hondartzetako araudian ez dago aldaketarik.
- Hoteletako eta gune turistikoetako zonalde komunetan %50eko aforoa baimenduko dute.
- Kongresuak egin daitezke, gehienez 80 partaidekoak.
- Kirol lehiak itzuliko dira, osasun neurriak hartuta betiere.
- Ezkontzak egin ahal izango dira espazio ireki edo itxietan, baldin eta aforo osoaren %75a gainditzen ez badute. Espazio zabaletan gehienez 175 pertsona egon daitezke, itxietan 75.
- Zahar etxeetako senideak bisitatzera joateko aukera zabalduko da Gipuzkoan, beti ere neurri zorrotzekin: senide bat zahar etxeko biztanle bakoitzeko, denbora mugarekin, eta kontakturik gabe.
- Gogoratu: maskarak erabiltzen jarraitu behar da garraio publikoan, eta kalean segurtasun distantzia ahalbidetu ezin bada (2 metrokoa).