Palmera Montero ere, prest irekierarako
Datorren astelehenean (hilak 8) Gipuzkoa 3. fasean sartuz gero, berriro ateak zabalduko ditu guneak. Aretoetako edukiera %50ekoa izango da, eta zenbait gunetan erabilera murrizketa egongo da.
Udal zerbitzu asko bezalaxe, Palmera Montero gunea ere berriro ateak zabaltzeko prestatzen ari da. Udalak jakinarazi berri duenez, datorren astelehenean (hilak 8) irekitzeko asmoa dute, ordurako Gipuzkoa 3. fasera iritsi bada. Aretoetako edukiera %50ekoa izango da, eta zenbait gunetan erabilera murrizketa egongo da.
Erreserba sistema astelehenean berraktibatuko dute, eta 60 pertsona baino gutxiagoko jardueretarako erabili ahalko da. Halere, pertsonen arteko bi metroko distantzia bermatu beharko da. Ezinezkoa bada, bertaratutakoek maskara erabili beharko dute. Orain arte ez bezala, jarduera amaitzean ez da materiala jaso beharko, eta erabilitako guztia (mahaiak, aulkiak, atrila, mikrofonoak…) aretoaren erdian utzi beharko dira, guneko langileek desinfekzio lanak egin ditzaten. Erreserba onartzearekin batera, erabilera jarraibide orokorrak jasotzen dituen oharra jasoko dute herritarrei.
Era berean, sarrerako altzariak eta goiko solairuetako egonlekuak kentzea erabaki dute, baita ere komunen erabilera mugatzeko kartzelak jartzea, eta garbiketa eta desinfekzio lanak indartzea.
Adinekoen zentroen tabernak ere prest
Udalak gaur bertan jakinarazi duenez, astelehenean ere Luis Mariano eta Iraso Gizarte Zentroetako taberna zerbitzuak martxan izango dira berriro. Gainerako gelak itxita egongo badira ere, tabernako mahaietan esertzeko aukera izango da, ostalaritza zerbitzuak irekitzeko ezarritako neurriekin.