Modu birtualean zeharkatuko dituzte Zelaia lasterketako 5,68 kilometroak
Igandean egingo dute aurtengo Zelaia lasterketa solidarioa. Bakoitzak nahi duen bezala zeharkatu beharko du ibilbidea: etxean, kalean, mendian...
Aurtengo Zelaia lasterketa solidarioa berezia izango da. Izan ere, larrialdi egoera dela eta, etxetik zeharkatu beharko dute herritarrek igandean (hilak 7) helmugarainoko ibilbidea. Modu birtualean parte hartuko dute lasterkariek, haur, gazte zein helduek.
Aurtengo lasterketaren proposamena honakoa izango da: bakoitzak nahi duen bezala (oinez, korrika, bizikletan, zaldi gainean…) lasterketako 5,68 kilometroak zeharkatu beharko ditu. Birtuala izanik, norberaren erabakia izango da non eta nola egin.
Era berean, igandean bertan dortsalarekin batera ateratako argazkiak sare sozialetan elkarbanatzeko deia egin dute antolatzaileek, #zelaiabirtuala traola erabilita.
Dagoeneko izena eman daitekeela zehaztu dute antolatzaileek, Kirolprobak-en webgunean, 4 euroan. Bildutako diru guztia Irungo Gurutze Gorriak jasoko du, koronabirusari aurre egiteko materiala erosteko. Edizio honetan, gainera, lasterkari guztiek 0 zenbakia eramango dute soinean. Dortsalak ere Felix arrandegian eskura daitezke.