Elkarrekin Podemos-Ezker Anitzak aurtengo udalekuak berraktibatu nahi ditu
Udalak udalekuak eta Solas Jolas programa bertan behera utzi arren, haurrei begirako programa Eusko Jaurlaritzaren azken baimenaren arabera egokitzea eskatu diote udal gobernuari.
Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza taldeak aurtengo udalekuak berreskuratu nahi ditu. Orain dela bi aste Irungo Udalak iragarri zuen aurtengo udalekuak eta Solas Jolas programa bertan behera geratu direla, larrialdi egoeragatik. Halere, formazio moreko kideek gogoratu dute dagoeneko Eusko Jaurlaritzak baimena eman duela haurren udalekuak egiteko (gehienezko %50eko edukierarekin, toki itxietan gehienez 80 eta kanpoaldean 200 haur elkartuta), beraz, udal gobernuari eskatu diote udako programazioa berraktibatzeko, «udan haurrei giza eta heziketa alternatibak eskaintzeko, une oro osasun neurriak betetzen direlarik».
Era berean, aste hasieran udal gobernuak iragarritako familiei begirako laguntzen harira, euren desadostasuna erakutsi dute taldeko kideek, «programa eskasa» baita haien ustez. Horregatik, diru gehiago inbertitzeko eskaera luzatu diote taldetik, ondorengo proposamenak eginez:
- 25.000 euroko edo hortik beherako urteko errenta dutenek hileko 400 euro jasotzea.
- 37.000 eurora arteko urteko errenta dutenek 250 euro jasotzea.
- 50.000 eurora arteko urteko errenta dutenek 100 euro jasotzea.
Errentaz gain, seme-alaba kopuruaren arabera gehigarri bat jasotzea proposatu dute. Hala, 2008tik 2016ra jaiotako bigarren seme-alabarengatik 50 euro gehiago jasotzea eta 2008 eta 2016 bitartean hirugarren seme-alaba bat izan duten familiek 100 euro gehiago jasotzea proposatu dute.