Aldundiaren murrizketaren ondorioz Irunek 9 milioi euro gutxiago jasoko dituela salatu du EH Bilduk
Gipuzkoako Aldundiak udalen funtsa %20ean txikitzeko erabakiaren gaineko irakurketa elkarbanatu nahi izan dute irundarrekin.
Gipuzkoako Foru Aldundiak udal finantzazio funtsa murrizteko hartutako erabakiaren inguruan aritu dira gaur Irungo EH Bildu taldeko kideak. Erabaki horren arabera, udalen finantziazioa %20an murriztuko dute. Beraz, Irunek 9.017.672,74 euro gutxiago jasoko dituela gogor salatu dute koalizio subiranistako kideek.
«Murrizketa hau aurrekontuarentzat kolpe ikaragarri latza da, oso une txarrean datorrena. Udalak herritarren beharretatik gertuen dauden erakundea izanik, diru gutxiago izango dute herritarren bizitzan eragina izango duten zerbitzuak garatzeko, irundarron beharrak handiagoak diren honetan», diote amorruz. Aldundiaren erabakiaren harira, joan den ostiraleko udalbatzan mozio bat aurkeztu zutela gogoratu dute, «aldundiari aldebakarreko erabakiak albora ditzala eta udalekin negoziazioa abia dezala eskatzeko». EAJ eta PSE-EEk aldiz, bakoitzak bere aldetik, koalizio subiranistaren mozioaren «oso antzeko mozio alternatiboa» aurkeztu zuela azaldu dute. Aurretik ordea, adostasunetara iristen saiatu zirela argudiatu dute EH Bilduko kideek. Maiatzaren 20an udal gobernuaren eskutik eztabaidara irekia zegoen testu proposamena jaso zutela diote, eta egunean bertan ekarpenak egin zituztela. Hurrengo egunean ordea, sozialistek eta jeltzaleek elkarren artean adostutako testua aurkeztu zutela salatu dute EH Bildutik. Udalbatzan bertan ere adostasun batetara heltzeko saiakera egin zuen Jokin Melida bozeramaileak, baina «EAJk eztabaidari uko» egin ziola salatu dute. «Ezin akordioetara iritsi hitz egin nahi ez bada».
Aldundia gobernatzen duen alderdien «autokritika faltan» ikusi dute EH Bilduko kideek eztabaidari uko egitearen arrazoia, eta eztabaida «atzeko atetik ixten saiatzea» leporatu diete EAJ eta PSE-EEri. «Irungo EH Bildutik argi utzi nahi dugu ez dela onargarria elkarrizketa eta eztabaida saihestu nahi izatea, are gutxiago hain garrantzitsua den gai batean, irundarron interesak jokoan baitaude», gehitu dute.
Gipuzkoako Aldundiak udal finantziazio funtsa murrizteko hartu duen aldebakarreko erabakiaz taldean egin dugun oharra bidaltzen dizuet