«Osasun publiko indartsua» exijitu du Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduak
Asteleheneroko elkarretaratzeak berreskuratu bitartean, etxetik borrokan jarraitzen dute pentsionistek. Adineko pertsonak «duintasunez eta eraginkortasunez» artatzeko zerbitzu publikoa eskatu dute.
Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduko kideak irrikaz daude berriro San Juan plaza bereganatzeko. Konfinamendua hasi zenetik, etxetik egin behar izan dute borroka eskualdeko pentsiodunek, ordutik hutsik esnatu da astelehenetan San Juan plaza. «Ezin ditugu ahaztu milaka hildako pertsona horiek, asko eta asko pentsionistak. Horrela, bada, biktimekiko doluminez gain, osasun langileei horrenbeste merezitako omenaldia eskaini nahi diegu, hala nola koronabirusaren aurkako borrokan ezinbesteko lanetan aritu diren langileen kolektiboei», adierazi dute pentsionistek.
San Juan plazako mobilizazioak berreskuratu bitartean, etxetik ere zenbait eskaera egin dituzte: osasun publiko indartsu bat izatea exijitu dute. Horrez gain, adineko pertsonak artatzeko kalitatezko zerbitzu publiko bat eskatu dute, «bi zerbitzuetan beharrezko giza eta osasun baliabideak eta materialak izan ditzaten, duintasunez eta eraginkortasunez artatu ahal izateko».
Era berean, zenbait komunikabidek pentsiodunen kontra egindako «kanpaina mediatikoa» salatu dute berriro. « Kanpaina horretan sinestarazi nahi dute pentsionistok talde pribilegiatu bat garela, eta horretarako alderatzen gaituzte pandemiaren ondorio ekonomikoak eta sozialak larriki sufritzen ari diren gizartearen beste sektore batzuekin. Baina, argi ikusten dugu finantza eliteen pribilegioak ez dituztela inoiz ere aipatzen», salatu dute amorruz. Zentzu horretan, pentsioen %35a Pobreziaren Ataria baino txikiagoa dela edota EAEn pentsioen %44a gutxieneko soldatatik beherakoa dela gogoratu dute.