106.893 euro bideratu dituzte Gizarte Zerbitzuek larrialdi diru-laguntzetara
94 diru-laguntza eskari izapidetu ditu Gizarte Zerbitzuen departamentuak eta horien bitartez, 215 norbanakoengana iritsi direla baieztatu dute arduradunek.
Hondarribiko Udaleko Gizarte Zerbitzuen departamentuak jakinarazi duenez, 94 diru-laguntza eskari izapidetu ditu larrialdi egoera hasi zenetik, 89 Gizarte Larrialdi Laguntza (GLL), eta bost, familiei bideratutakoak. 215 lagunengana iritsi direla era horretan zehaztu du Gotzone Larrarte departamentuko arduradunak, eta guztira, 106.893,67 euro bideratu dira laguntza ematera.
Zailtasun ekonomikoak bizi dituzten herritarrak laguntzeko zuzendutako diru saila atal ezberdinetan banatzen dela ere azaldu du Larrartek: 98.772,90 euro GLLra bideratu dira, 5.019,75 familia laguntzetara, eta 3.100,92 energia gastuei aurre egin ahal izateko. Era berean, GLLen artean, 75 dira elikadura gastuei aurre egiteko bideratu dira, beste 46 alokairu gastuetara, berrogei krisia sortu zenetik jasandako zorpetzera, sei hipoteka gastuetara eta beste hamasei kontzeptu ezberdinetara.
Diru-laguntza eskaerak “handitu” egin direla baieztatu du halaber Larrartek oharrean, eta zabaldutako informazioaren arabera, iaz, hilero, batez beste hamaika GLL eskaera izapidetu zituzten Gizarte Zerbitzuek. Aurten, ordea, larrialdi egoera hasi zenetik 89 eskaera jaso ditu hilero departamentuak.