«Ekintza berritzaile bat» egingo du Gure Eskuk igandean Zabaltza plazan
Hiru orduko mobilizazioa iragarri dute iganderako, Zabaltza plazan. Bertaratutako guztiei kartoi batean aldarrikapen mezu bat eramateko deia egin diete.
«Gelditzeari izua dion gizartea da gurea. Beti martxan egoteko agintzen diogu gure buruari, berdin lanak edo planak egiteko garaian, gurpilak biratzeari utziko dion beldur bagina bezala. Gurpil barruan itsu ibiltzen gara: gurpila beti martxan, eta gu, toki berean», diote Gure Esku-ko kideek. COVID 19ak eragindako krisiak gizartearen indargune eta ahuleziak «muturrera» eraman dituela nabarmendu dute, eta berreraikuntza beharrezkoa dela diote, baina beti ere herritarren eskutik heltzen bada. «Erabakiak herritarrongandik gero eta gertuago hartu behar dira, eta batez ere, herritarron gero eta parte hartze handiagoa ahalbidetu, gure bizitzetara hobeto egokitzen baitira». Horretarako, nazioarteko lankidetzaren beharra nabarmendu dute, baina baita ere tokian tokiko neurriak hartzeko premia. Horregatik, herri eztabaida bat bideratu nahi dute, «norantz jo nahi dugun adosteko, eta bidea egiteko beharko dugun erabakimena nola geureganatuko dugun pentsatzeko; eta herritarrok eta gure aldarrikapenek berriz ere plaza publikoa berreskuratzea».