124 langabe gehiago daude Bidasoan
124 langabe gehiago daude Bidasoan maiatzean, apirilarekin alderatuz. Iazko maiatzarekin dagoen aldea izugarri handia da: 1.100 pertsonak galdu dute lana.
Maiatzean gora egin du langabeziak Bidasoan, 124 pertsona gehiago dira apirileko azken egunarekin alderatuta lanik gabe daudenak. Apirilaren 30ean 4.899 ziren langabeak eskualdean, maiatzaren 31n 5.023. Hala, langabezia tasa %13,53koa da eskualdean, apirilaren bukaeran %13,19 zen bitartean. Datuak Bidasoa Bizirik-ek eman ditu, Lanbideren zenbakietan oinarrituta.
2019ko maiatzeko datuekin alderatuta, koronabirusaren krisiaren eraginaz baliatzeko aukera dago. Izan ere, iazko bosgarren hilabeteko azken egunean 3.923 ziren lanik gabeak Bidasoan, %10,59ko tasarekin: 1.100 pertsonatan hazi da langabezia azken hilabeteetan, batik bat azken asteetan.
Gipuzkoan, langabezia tasa handiena duen eskualdea da Bidasoa, %13,53arekin. Haren ondoren doaz Deba Barrena (%12,67) eta Donostialdea (%11,23). Herrialdean tasarik txikiena duen eskualdea Urola Kosta da (%9,04). Gipuzkoako tasa orokorra %10,93koa da, 38.317 pertsona daude lani gabe (iazko maiatzaren bukaeran 29.933 ziren).