COVID-19aren lehen kolpea, kontrolpean Bidasoan
COVID-19aren lehen kolpea, kontrolpean Bidasoan. Hemezortzi egun dira positibo berririk ez dagoela ez Irunen ezta Hondarribian.
Osasun Sailak koronabirusa izaten ari den eraginaren gaineko txosten berria zabaldu du gaur, atzoko 00:00etatik datuetan oinarrituta. Esan daiteke, birusaren zabalkundea eten egin dela Bidasoan, azken hemezortzi egunetan ez baita PCR kasu berririk izan. Eskualdean, beraz, osasun krisia hasi zenetik 272 pertsona izan dira COVID-19 birusaren eramale azken asteetan (behean zerrenda herriz herri); horietatik gehienak jada etxean daude, senda-agiria jasota.
- Irun: 231
- Hondarribia: 41
Alta, gaitzagatik sei pertsona hil egin dira Bidasoan gaur arte birusagatik: bost Irun erdialdeko anbulatorioa osasun zentrotzat dutenak, eta beste bat Hondarribiko osasun eremukoa.
HITZAk, azken asteetan egunero-egunero eman du koronabirusaren bilakaeraren berri herriz herri. Jada 22 dira Oarsoaldean positibo berririk gabeko egunak. Beraz, aldaketa nabarmenik ez den bitartean, hedabide honek egunez egun datuak emateari utziko dio. Hori bai, gaitzak Oarsoaldean arlo guztietan duen eraginaren gaineko informazioa ematen jarraituko du.
Hemen sartuta, Osasun Sailaren gaurko txosten osoa ikusteko aukera.