Langileen bizitza, erdigunera
Aurtengo Maiatzaren Lehenean inoiz baino jende gutxiago mobilizatuko da kalean. Hala ere, inoiz baino ageriago geratu dira sistemaren gabeziak eta langileen zaurgarritasuna.
Maiatzaren Lehenaren irudi mentala modu estuan lotuta dago sindikatuek —eta beste hainbat eragilek— deitutako mobilizazio jendetsuekin. Gaur, baina, ez da aurreko urteetako irudirik ikusiko.
Sindikatuek ezingo dituzte kaleak erabili beren aldarriei oihartzuna emateko. Jon Urkola ELAren Oarso Bidasoko arduradunaren arabera, sindikatuek jakin izan dute egoera berrira moldatzen: «Egoera ilun honi kolorea jarri nahi diogu; hori da aurtengo Maiatzaren Lehenerako sortu dugun logoaren arrazoia». LABeko Kristina Getek azaldu duenez, Maiatzaren Lehen honetan aurrera begira jarriko dira: «Poliki-poliki eta beti osasunaren aldetik zuhurtziaz jokatuz, kaleak berreskuratuz joan behar garela argi dugu».
Ildo berean mintzatu da Felix Irizar ESK-ko kidea. «Ardura sozialagatik» leihoetara irten beharko dira aurten, kaleak hartzea atzeratu baituelako COVID-19k sortutako egoerak. «Leihora joko dugu, mundu berri bat ikuspegi feministatik eta naturarekiko errespetutik sortzeko uste sendoarekin. Mundu berri horretan, bizitza jasangarria izango da gure etorkizuna eraikitzeko oinarria».
Gehiengo sindikalak esan du pandemiak argi utzi dituela dauden gabeziak
Horrez gain, esan du beldurra galduko diotela larrialdi egoeran ohiko bihurtu diren hainbat egoerari: «Maiatzaren 1ean ezabatuko ditugu beldurra eta inposizioa, militarren eta prentsaurretako polizien desgobernua, balkoiko errepresioa. Gure lan eta gizarte eskubideak, gure bizitzak suntsitu nahi dituztenen aurka ozen eta argi oihukatuko dugu. Sistemak eskaintzen duen bizitzan heriotzaren aurrean errotiko paradigma aldaketak baino ez digu balio».
Sindikatuek bizitzaren aldarria erdigunean jarri dute. Izan ere, larrialdi honetan hainbat egoera latz ikusi dituztela adierazi du Getek. «Paris eta Madriletik ezarritako dekretuen bidez lau pareten artean zorrozki konfinatu gaituzten bitartean, prebentzio neurririk gabe lan egitera behartu gaituzte».
Horrez gain, eskubideetan egon diren murrizketak salatu ditu LABeko kideak. «Ikusi dugu osasungintza publikoa zenbateraino ahuldu duten; ikusi ditugu urteetan zaintza lanak pribatizatu eta azpigaratu izanaren ondorioak; pribatizazioaren ondorio larriak ikusi ditugu ere hondakinen kudeaketan: bi hilabete eta erdi baino gehiago dira Zaldibarren bi langile desagertu zirela».
Kapitala versus bizitza
Getek gaineratu duenez, «kapitalaren eta bizitzaren arteko borroka» da azken aste hauetan ikusten ari dena. Kapitalaren aldean jarri du «patronalaren mesedetan jarritako kudeaketa zentralizatu eta autoritarioa». Beste aldean, herritarrak, auzokideak eta ingurukoak zaindu nahi dituen komunitatea.
Urkolak hitzarmen kolektiboen berzentralizazioa, eskubideen murrizketa eta zerbitzuen pribatizazioa kritikatu ditu. Bere esanetan, neurri horiek guztiek langileei kalte egin diete, gutxi batzuen mesedetan. «Hau modu konszientean egin da, eta pandemia honi aurre egiteko izan ditugun osasun baliabideak hain murriztuta edukitzea guzti honen ondorio zuzena izan da», gaineratu du ELAko kideak.
Irizarren arabera, pandemiak gogor jo du gehiengoaren kontra, baina bereziki osasun eta ekonomia krisiaren aurretik bazterrean zegoen jendearen kontra. Kapitala eta koronabirusa alderatu ditu: «Kapitala, COVID-19a bezala, errealitate hila da, eta bizia behar du ugaltzeko, nahiz eta horretarako hil egin behar duen. Pertsonen eta ingurumenaren esplotazioa eskubideen eta jasangarritasunaren aurretik jartzen du, espekulazioa funtsezko lanen aurrean, indibidualismoa enpatiaren eta elkartasunaren aurretik, azken batean, kapitala bizitzaren aurrean».
Getek salatu duenez, pandemiaren ondorioz milaka Albi Baterako Lan Erregulazio Espediente ezarri dira. «ERTE expres deitu dena enpresarien esku uztea izan da hasieratik gobernuaren konponbidea. Enpresariek ez dituzte ERTEak osasun arrazoien arabera hartu, konbenientzia enpresarialaren arabera baizik». UGT eta CCOO sindikatuen jarrera gaitzetsi du, Espainiako patronalarekin batera, gobernuari neurriak eskatu zizkiolako. «Horrela irudikatu zuten enpresek eta langileek berdin pairatzen zutela krisia».
Gainera, LABeko kideak Eusko Jaurlaritzaren papera kritikatu du: «Ez ditu behar bezalako proposamenik luzatzen langileen osasuna zein lan eskubideak zaintzeko, ez dago behar bezalako neurririk langileen soldata bermatzeko nahiz ezohiko neurriek sortutako kontziliazio beharrei behar bezala erantzuteko».
Horrez gain, egunero zaintza lanetan edota elikagaien saltokietan lanean ari diren langileen bizitza arriskuan jartzen dela salatu du.«Ondorioak gogorrak bezain argiak izango dira: langabeziaren gorakada, lan baldintzen prekarizazioaren areagotzea, esplotazioa, negozio txiki askoren itxiera, autonomoak… Langile askok egunerokotasunari aurre egin ahal izateko benetako zailtasunak izango dituzte», esan du Getek.
Osasun larrialdiak batez ere pertsona zaurgarrienak kolpatu ditu
ELAk adibide zehatz bat jarri du. Jakinarazi zietenez, Solbes supermerkatuko bi langile kaleratu dituzte: «Haietako batek, birus bat du, eta COVID-19aren froga egiteko zain dago. Langile hauek lanera joan behar izan dute orain arte, segurtasun neurri nahikorik gabe, oinarrizkoa zen zerbitzu bat emateko gizarteari, eta hori egiteagatik gaixotu egin dira. Ondorioa? Kaleratuak izan dira. Kapitalak ez du gizatasunik».
Ostalaritzako hainbat langilek pairatzen duten egoera larria azaleratu du Urkolak: «Asko modu ez arautuan ari dira lanean, kontraturik gabe, edo lanaldi osoa kotizatu gabe. Inolako babesik gabe geratu dira, edo lanera joan behar izan dutenak, nagusiaren menpe geratuta».
Aldaketaren beharra
Pandemiak hainbat kontzeptu bolo-bolo jarri ditu. Adibidez, Norberaren Babeserako Ekipamenduak (NBE). Urkolak esan du ez duela ulertzen nola litekeen osasungintzako langileek babes neurririk ez izatea, eta bai oinarrizko zerbitzuak ematen ez dituzten fabrika batean. Getek, ildo horretan, langileen mobilizatzeko gaitasuna txalotu du, bere esanetan haiengatik lortu baitira babes neurriak. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak (gehiengo sindikala bertan dago) urtarrilaren 30ean greba orokorra deitu zuen, eta Getek esan du inoiz baino premiazkoak direla egin ziren aldarrikapenak.
Urkolak pandemiak utzitako hiru irakaspen azaleratu nahi izan ditu. Alde batetik, oinarrizko zerbitzuak feminizatuak edota prekarizatuak direla. Bestetik, sektore pribatuak ez duela balio sektore publikoa ordezteko. Eta, hirugarrenik, bi irtenbide eman ditu: negoziaketa kolektiboa, eta sektore publikoa indartzea.
Irizarrek, berriz, sistemaren errotiko aldaketa baten aldeko deia egin du, denek batera arraun egin eta leihoetatik ikus daitezkeen bizitzak eraikitzeko: «Lanpostu duinak izango dituen etorkizuna, bizitza duinak bermatuko dituzten formulekin, non prekarietatea iraganaren parte izango den. Etorkizun horretan osasuna, hezkuntza, zaintzak eta baliabide naturalak eta ekonomikoak herritarren zerbitzura egongo dira».