[Erreportajea] Txaloak ez dira nahikoa babes
Heroi deitu izan dituzte, baina langile xume eta arruntak baino ez dira adinekoen egoitzetakoak. Pandemia batean profesionaltasunez jardun dute langileek, haien ongizatea alde batera utziz.
Adikoen egoitzak koronabirus izurritearen zoritxarreko ikur bihurtu dira. Ahulenen gotorleku izan behar zuten egoitzak, kasu askotan, ordea, erresidentziak kutsatze iturri izan dira. Gipuzkoan koronabirusaren ondorioz hildako gehienak egoitzen erabiltzaileak izatea bereziki sumindu du gizartea.
Izurritearen lehen asteetan langileak jomugan jarri zituzten hainbat hedabidetan. Aste batzuk geroago, heroi izatera igaro dira; ezinbestekoak gizartearentzat. Irungo Ama Xantalen egoitzako langile Loli Santosek argi du: «Ni ez naiz heroia, eta ez naiz hala sentitzen. Langile soil bat baino ez naiz. Salbuespenezko egoera batean bere lana ahalik eta hoberen egin duen langile bat baino ez». Martxotik etengabekoa da adinekoen egoitzetatik ateratzen den informazio jarioa, baina era berean barruan gertatzen denaren inguruko informazioa oso eskasa da. Emandako informazio gehiena agintariek —hemen, aldundiak— emandakoa da. Langileen testigantzek ezin dute argazki orokor bat eskaini, baina erresidentzia zehatz baten testuingurua irudikatzen lagun dezakete.
Zorte hutsa
Irungo Ama Xantalen egoitzan ez da koronabirus kasurik izan, baina «zorte hutsa» izan da Santosen iritziz, egoitzak isolatu arte, arriskua agerikoa izan baitzen denentzat: «Badakit senideentzat oso gogorra dela. Baina bisitak debekatzearekin batera sarbide garrantzitsu bat itxi zitzaion birusari». COVID-19a iristekotan, kanpotik iritsiko da ezinbestean eta horrek era berean kutsatze iturri bihur ditzake langileak, segurtasun neurri guztiak zaintzen ez badira. Inoiz baino arduratsuago jardun behar dute. «Gaixo bat hainbat egunez kutsakor izan daiteke jakin gabe. Oso argi izan behar ditugu prebentzio neurriak. Zerbait oker eginez gero, erraza izango litzateke beste erabiltzaile bat kutsatzea», dio Santosek. Lanean jasan beharreko tentsioari, izua batzen zaio, «erabiltzaileez gain, etxekoak kutsatzeko arriskua hortxe dago», adierazi du Loli Santosek.
Ardura, kezka, izua, estresa… Emozio horiek guztiak kudeatu behar dituzte egunero adinekoen egoitzen langileek haien lanaldia hastean. Erabiltzaileen gelak zeharkatzean, baina, haien buruaz ahazten dira. Adinekoak «urduri» daudela dio Santosek. Isolaturik daude, bakarrik ia denbora guztian zehar, eta jakitun dira haiena kolektibo zaurgarriena dela. Langileek eskainitako gizatasuna eta hurbiltasuna ezinbestekoa da erabiltzaileen ongizatearentzat, baita haien senideentzat ere. Dena ematen ari dira langileak urduriago jar ez daitezen: «Norbera Babesteko Ekipoak (NBE) jantzita ikusten gaituzte eta harrituta geratzen dira. Aiton-amonei hurbiltzen gaituena irribarrea da, eta maskarak arrotz egiten du, noski; baina nola edo hala lortzen dugu harreman hori eratzea. Eusteko eskatzen diegu, denok berdintsu gaudela eta birusa sar ez dadin neurri guztiak hartzen ari garela», azaldu du Ama Xantaleneko langileak.
Gogorrena igaro dela dirudi, Ama Xantalenen behintzat egoera «lasaiagoa» dela dio Santosek. Hasieran, egoitza guztietan bezala, baliabide eskasia agerikoa izan zen, batez ere pandemia honen produktu izar bihurtu diren NBEak, maskarak eta eskularruak. Oraindik ere gabeziak daude langileen formakuntzari eta babesari dagokionez, izan ere, sendagile ala erizain baten lana egitea eskatzen zaie langileei, «langileen artean oso gutxik dute erizaintza laguntzaile titulua. Egoitzek ez zuten eskatzen». Hortaz, adinekoak zaindu behar dituzten langileek lana «behar bezala» egin behar dute, sarritan horretarako prestakuntzarik jaso izan gabe. «Dena dela, langileen prestutasuna ukaezina da», dio Santosek.
Adinekoen egoitzen kudeatzaileei pandemiak gainezka egin die, ez dago zalantzarik. Nola bestela, martxo amaieran materialik ez izatea? Irungo langileak baina, berandu bada ere, Ama Xantalenen hartutako neurriak nabarmendu eta egokitzat jo ditu. Besteak beste, langile gehiago kontratatu dira, susmopean dauden gaixoak berehala bakartzeko protokolo bat ezarri dute, langileak sektoreka banatu dira, eta gaixoak hartzeko solairu bat egokitu da.
Egungo egoeran akatsak egitea zilegi da. Europak ez du halako pandemiarik bizi 1918tik eta inork ez daki zehazki nola jokatu behar den. Baina zentzugabekeriak onartezinak dira. Alarma egoera hasi zenetik zentzugabeko eta kontraesankorrak diren aginduak jaso ditu langileriak, tartean Loli Santosek; arrisku talde bateko parte zela jakinarazi zioten, baina lanean jarraitzera behartuta dago, «enpresa-medikuak deitu zidan arrisku talde batean nintzela jakinarazteko, hipertentsioa dudala eta. Zer egin behar nuen galdegin nien. Haiek lanean jarraitzeko esan zidaten, gaitza larriegia ez zelako. Eskularruak eta maskara kirurgikoa erabiltzeko esan zidaten. Kirurgikoak ni babesteko ez zuela balio erantzun nion. Hark arrazoi nuela esan zidan». Lan baldintza kaskarrei, ardurari, kezkari, izuari eta estresari, ezinegona gehitu diote, beraz. Enpresak gutxienez, maskara on bat eman dio Santosi.
Oiartzunen lanez gainezka
Ama Xantalenen ez bezala, Oiartzungo Petra Lekuonan langile faltan dabiltza. «Kontrataziorik ez dute egin, Aitonetxe eguneko zentrotik hainbat erizaintza laguntzaile eta garbitzaile bidali dituzte. Besterik ez», dio Miren Ribera egoitzako langileak. Petra Lekuonan ere ez da koronabirus kasurik izan erabiltzaile eta langileen artean, baina bertan ere zorte hutsa izan da kutsatzerik eman ez izana, «langile guztiok argi genuen, halako baldintzetan edozein erresidentzietan gerta zitekeela. Irungo Caser Anaka eredurik onena da». Asteotan egoera baretu da, eta protokoloek eskatzen dituzten baliabide guztiak dituzte. Pazko Asterako, adibidez, gaueko txandako langile guztiek FFP2 maskarak —norbera babesteko ere balio dutenak— jaso zituzten, eta orokorrean, denentzako maskara kirurgikoak eta mantalak dituzte. Lehen egunetan, ordea, gorriak ikusi zituzten Petra Lekuonako langileek, «babesgabe sentitu ginen», dio Riberak. Hain zuzen ere, pandemia batek iritsi behar izan du langile hauen gutxieneko baliabide eta baldintzak bermatuak izateko.
Ez dira haien lana erosoago egiteko kapritxoak, baizik eta haien lana segurtasunez aurrera eramateko gutxieneko baldintzak. Pandemiak, gutxienez, haien egoera iritzi publikoaren erdigunera eraman du. Erabiltzaileen senideek adierazitako babesa nabarmendu du Riberak, «haiek gure alde daudela jakiteak asko lasaitzen gaitu, egia esan. Eta benetako elkartasuna da. Aurrekoan, adibidez, hainbat senidek maskara kirurgiko sorta bat ekarri ziguten. Langile bakoitzarentzat hiru».
Senideek laguntza eskaintzea eskertzeko modukoa da. Arduradunek neurriak hartzea, ordea, guztiz beharrezkoa. Petra Lekuonako langileak badaki nori eskatu behar zaizkion kontuak Gipuzkoako erresidentzietan beranduegi neurriak hartzeagatik eta haien ondorioengatik: «Erantzukizuna Gipuzkoako Foru Aldundiarena eta enpresena da nire ustez. Ez dakit zenbateko presioa egingo zuten enpresek. Baina koronabirusik gabe ere, bada beste gaixotasun batzuekin kutsatzeko arriskua. Nola liteke norberaren babeserako baliabide horiek ez izatea?».
Petra Lekuonan, Oarsoaldeko eta Bidasoko gainontzeko egoitzetan bezala, pandemiak ustekabean harrapatu ditu langileak eta erabiltzaileak. COVID-19ak agerian utzi du egoitzak ez zeudela prest adinekoei eman beharreko segurtasuna ziurtatzeko. Gizarteak nekez ahaztuko du hori. Ikusteke dago langileak memoria kolektiboaren parte bihurtuko ote diren, ala «normaltasun berriarekin» batera betiko baldintzetara itzuliko diren.
Benetako babesa
Komenigarria da oroitzea langile hauetako askok —gehien- gehienak emakumeak— bi urte luzeko grebari uko egin ziotela, adinekoen segurtasuna eta ongizatea lehenetsiz. Komenigarria da oroitzea aiton-amonak haien azken urteetan duintasunez zaintzen dituzten langileak, duinak ez diren baldintzetan lan egiten dutela. Komenigarria da hori dena oroitzea balkoietatik txalo egitean. Izan ere, txaloek ez diete soldata igoko, eta babesak, hutsala bada, ez du aldaketarik eragingo. Benetako babesa, aldaketak egiteko ahalmena duenari aldaketak exijitzea da.