33 koronabirus kasu izan dira Bidasoko adinekoen egoitzetan
Oarso Bidasoko Hitza-ri egindako adierazpenetan, Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak, Bidasoko eta Oarsoaldeko erresidentzien egoeraren azalpenak eman ditu.
Pandemia hasi zenetik Oarsoaldeko erresidentzien erabiltzaileen artean ez da koronabirus kasurik diagnostikatu.
Bidasoan bestelakoa da egoera. Guztira, 33 erabiltzaile kutsatu dira COVID-19arekin. Kasu guztiak Caser aseguru enpresak kudeatutako egoitzetan izan dira; Irungo Caser Residencial Anakan eta Hondarribiko Caser Residencial Betharramen hain zuzen ere. Anakan, 23 koronabirus kasu izan dira. 13 jada sendatuak daude, 5 lagunek gaixo jarraitzen dute eta beste 5 zendu dira. Gaixorik jarraitzen duten erabiltzaile guztiak Anakan daude une honetan. Betharramen dagoeneko ez dago positiborik, baina guztira, 10 izan dira gaixotutakoak. 8 dira sendatutakoak eta bi hildakoak. Era berean, Hondarribiko Uliazpi zentroan egoera bere onera itzuli dela nabarmendu du Mendozak, «13 positibo izan zituzten. Izugarrizko lana egiten jarraitzen dute. Denak sendatu dira eta ez da positibo berririk eman».
Egoitzetako langileei buruz galdeginda, datuak egoitzen baitan daudela azaldu du bozeramaileak, «koordinazio estuan gaude egoitza guztiekin eta Osakidetzarekin frogen kudeaketarako».
Anakan gertatutakoak oihartzun handia izan du. Arrazoi zehatzik ez daudelakoan, birusaren hedatzea eteteko «lan handia» egin dutela dio Mendozak, nahiz eta birusa sartuz geroztik oso zaila den hura geldiaraztea. Adina eta «aurretiazko patologiak» ere aipatu ditu Mendozak heriotz kopuruari azalpen bat emateko. Langileen lanarekin batera, prebentzio neurriak betetzea ezinbestekoa da kutsatzerik ez emateko. Dena den, Eider Mendozak argi utzi du neurri guztiak hartuta ere, «zero arriskurik» ez dagoela.
Aldundiaren erantzuna
Zertan huts egin den galdetuta, arrazoiak hainbat izan daitezkeela esan du bozeramaileak, «kasu bakoitzean zer gertatu den ikertu beharko da». Lehen COVID-19 kasua diagnostikatu baino bi aste lehenago neurriak hartu zirela ziurtatu du, neurriak zehaztu gabe. Alarmismoa alde batera utzi eta lasaitasun mezua ere zabaldu du, «Gipuzkoako 65 zentroetatik 49tan ez koronabirus kasurik izan».
Neurriak hartzerako garaian, azkar ibili dira Mendozaren aburuz, osasun larrialdia hasi eta berehala talka plana martxan jarri baitzuten, «plan horrek zazpi lan lerro, 50 ekintza eta 90 neurri biltzen ditu. Esaterako: kutsadurak ekiditeko neurriak hartu dira, desinfekzioak egiten dira, material banaketa osagarriak egiten dira, langile eta egoiliarrei babes psikosoziala emateko zerbitzua jarri da martxan, eta azpiegitura berriak ireki dira». Laburbilduz, harro dago aldundiak krisialdian egindako kudeaketaz eta autokritikarako tarte gutxi utzi du.
Langileen lan baldintzak ere izan ditu hizpide Eider Mendozak, izan ere, hainbat egoitzetako langileek salatu dute langile gutxiegi direla eta lanak gainezka egiten diela. «Aldundiak Gipuzkoako egoitzetan plantillak indartzeko hainbat neurri hartu ditu, horien artean, zaintzaile eta erizain lan poltsak zabaltzea, eguneko zentroetako langileak ere egoitzak indartzera pasa dira, eta beharra dagoen egoitza guztietan ere Osakidetzako mediku eta erizainek esku hartzen dute egoiliar ororen arreta egokia bermatzeko».
Zalantza da, gaur egun hartutako neurriak larrialdi sanitarioa amaitzean jarraituko duten. Langileen eta aldundiaren arteko gatazka luzeari tregoa eman diote momentuz langileek. Horien baldintzak hobetuko ote diren galdetzetakoan, egoitzen eredua aldatzeko hausnarketa prozesu batean direla esan du Mendozak.