«Udala berandu dabil herriko jaien inguruko iragarpenarekin»
Aurtengo sanmartzial jaiak egingo ez direla «lehenbailehen» iragartzea eskatu dio Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza taldeak udal gobernuari, «ez behintzat ezagutzen ditugun moduan».
Irungo Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza taldeak agerraldia egin du gaur, Miren Echeveste idazkari nagusiak eta David Soto bozeramaileak zehazki. Aurtengo sanmartzial jaien inguruan aritu dira, kezkati azaldu dira, udalak ez baitu oraindik bertan behera uzteko iragarpenik egin. Bide batez, udalari zenbait eskaera eta proposamen bidaltzeko probestu dute gaurkoa.
«Irungo Udala berandu dabil herriko jaien inguruan mundu guztiak espero duen iragarpenari dagokionez», adierazi dute. Deseskalatze protokoloa aintzat hartuta, eta bestelako udalerrietan jaiak bertan behera geratzeko hartutako erabakiak ikusita, «begi bistakoa da» formazio morearentzat aurten ezingo direla jaiak normaltasunez ospatu. Are gehiago. Alarde parekideak jada desfilea bertan behera uzteko hartutako erabakia gogoratu nahi izan dute.
Aurtengo sanmartzial jaiak egingo ez direla «lehenbailehen» iragartzea eskatu diote udal gobernuari, «ez behintzat ezagutzen ditugun moduan» Pauso hori emanda, egun horietarako programazioan sakontzeko aukera izango dutela nabarmendu dute. Izan ere, aurreikusitako jarduerak segurtasun eta osasun baldintzetara egokitu beharko direla argudiatu dute: «jaietako kultura jarduera batzuk egingo direla bermatu beharko du udalak, formatu txikiagoan eta deseskalatzearen esparruan zehaztutako baldintzekin».
Proposamenak
Aurtengo sanmartzialetako jai osoa egitea desegokia ikusteaz gain, beste zenbait kontu argitu nahi izan dituzte. Lehenik, jaietarako aurrekontuan jaso den eta egoeraren ondorioz aurreikusitako helburura bideratu ezin den diru guztia krisia pairatzen ari direnei laguntzera bideratzea proposatu dute. «Guztiz egingarria» dela diote, eta beste zenbait udalerrietan hartutako erabakiak gogora ekarri dituzte agerraldian. Halere, jaiegun horietan egin ahalko diren kultura eta aisi jarduera guztiak mantentzearen alde agertu dira, «eskualdeko kultura industriari eusteko, itzulirik gabeko krisi batean erori ez dadin».
Bestetik, Irungo Udaleko alderdi guztiak aho batez adostutako erakunde ekitaldirik ez egitea proposatu dute, hala nola, San Pedro eguneko ekitaldia, San Martzialeko botoa eta jaiengatik egokitu eta burutzea erabaki daitekeen beste edozein ekitaldi. «Egoera txar hauetan, krisi sanitario, sozial eta ekonomiko baten erdian», guztiek adostasun zabalekin jokatzen dutela ziurtatzea Jose Antonio Santanoren erantzukizuna dela esan dute. «Alkate jaunak, edo alderdi politiko jakin batzuek, egoera hau bereizketa handitzeko eta alarde jakin baten inguruko jarrerak legitimatzeko aukera gisa baliatzea pentsatzen badute, horrek ondorio argiak ekarriko ditu gure aldetik», gehitu dute.
Amaitzeko, Irungo Udaleko kontsumo mahaia eta Irun Ekintzan-eko hurbileko merkataritzako mahaia deitzea proposatu dute. Gainera, jaiak deuseztatzearen ondorioz merkatari eta ostalariek izango dituzten galerak konpentsatzeko martxan jarri beharreko egitasmoak aztertu nahi dituzte haiekin batera. «Baliabideak bideratu behar dira egoera arintzeko eta galerak udaran zehar garatzeko ekimen berriekin konpentsatzeko».