Baja hartu duela-eta langile bat kaleratu duela Solbesek salatu du ELAk
Hondarribian kaleratutako langileaz gain, Donostian ere prozedura bera jarraitu duela saltoki kateak dio sindikatuak; horietako batek COVID-19an positibo eman zuen.
Solbes saltokietako bi langileen kaleratzeak, bata Hondarribian eta bestea Donostian, salatu ditu ELA sindikatuak komunikabideetara bidalitako ohar batean. Koronabirusaren sintomak zituztela-eta medikuak automatikoki baja eman zien. Prozedura bi kasuetan bertsua izan zela salatu du sindikatuak: “medikuak baja hartzera behartu zuenean langilea kaleratua izan zen”. ELAk baieztatu duenez langileetako batek COVID-19 gaitzan positibo eman zuen.
“Onartezina iruditzen zaigu”, adierazi dute sindikatutik. Saltokietako langileek birusaren aurrean duten esposizioa “ikaragarria” dela iritzi diote, “beharrezko zerbitzuetako enpresetan langileak kontratatu eta langileen osasuna bermatzekeo momentua da”.