Larreaundiko balkoietan jai eguna izango da Maiatzaren Lehena
Larreaundiko balkoietan jai eguna izango da Maiatzaren Lehena. Irungo auzoaren zaindariaren eguna ospatzeko ekitaldiak prestatu dituzte.
Irungo Larreaundi auzoko balkoietan festa egingo dute ostiralean. Auzoaren eguna da Maiatzaren Lehena, San Jose Langilearen Eguna da bertako urteko data, auzoaren zaindariaren eguna. “Auzoak bere historian izan duen festarik ez ohikoena” izango dela ziurtatu du ospakizunen deitzaile den Larreaundiko Zaintza Sareak, baina hala ere, irribarreak tartea merezi duela uste dute, “beharginek, langileek, eta era berean Irungo auzo eder honetan bizi garenak. Maiatzaren 1a munduko langile klasearen eguna da, eta nola ez, bereziki auzo honetako langileen eguna”.
Deitzaileek nabarmendu dute “geure burua eta ingurukoena” zaintzeko egunak direla honakoak, eta auzotarrak txalotu dituzte osasun krisian izandako jarrera arduratsuagatik. “Horregatik, omenaldi bat merezi dugula pentsatu dugu, mundu hau egunero gure lanarekin mugiarazten dugunak izateagatik, langile izateagatik, baita osasun krisi honi aurre egiteko moduagatik ere. Uste dugu merezi dugula izaera eta jarrera kolektibo hori auzo gisa ospatzea”.
Beraz, festetan parte hartzeko deia egin diete auzotarrei, honako egitarauari jarraiki, beti balkoietatik:
- 12:30ean, vermout eta patata tortilla jateko deialdia, bakoitza bere balkoitik, eta auzokideekin topa eginez.
- 13:00etan, Internazionala abestia jartzeko deia. Sarearen Facebook atarian jarriko dute horren bertsio bat, erabili ahal izateko.
- 20:00etan, txaloak, mozorro lehiaketa eta dantzaldia. Dantzaldirako abestien zerrenda komuna osatuko dute, Spotify plataforman, Larreaundiko Jaiak izenekoa (irekia da, bertara bidali behar dira abesti proposamenak).
Jaietako informazio osoa zaintza sarearen Facebook atarian dago. Galderak edo ekarpenak egiteko posta elektroniko helbidea dute.