'Itxeki Hondarribia!' talka plana aurkeztu du udalak
Lau ardatz nagusi ditu planak eta datorren astean Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren diru-laguntza guztiak izapidetzen hastea aurreikusi dute.
COVID-19 gaitzak eragindako kirisiari aurre hartu nahi dio udalak Itxeki Hondarribia! talka planaren bitartez. Hala azaldu du du gaur goizean Txomin Sagarzazu alkateak bideokonferentzia bidez eskainitako prentsaurrekoan. Orain arte 5 milioi eurotik gora iragarritako diru-laguntzak biltzen ditu batez ere planak, eta dagoeneko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratua izan dadin bidali dutela jakinarazi du; beraz, datorren astean diru-laguntza guztiak izapidetzen hastea aurreikusi dute.
Planak lau ardatz nagusi ditu, Sagarzazuk zehaztu duenez: Osasuna, mugikortasuna eta segurtasuna; Pertsonak eta familiak; Enpresak eta jarduera ekonomikoa; eta Udalaren funtzionamendua. Lehen oinarriari erreparatuta, lehenik eta behin, doluminak adierazi nahi izan dizkie alkateak gaixotasunaren ondorioz senideren eta lagunen bat galdu duten herritarrei.
Ildo horretan, Hondarribiko datuak “itxaropentsuak” direla nabarmendu du: “Gaitza ez da beste leku batzuetan bezain azkar hedatu gure artean”. San Gabriel egoitzan ez dela kutsaturik egon azpimarratu du, eta Caser Betharramen bost bat positibo egon direla gaineratu, horien artean bi heriotza egon direlarik.
Zentzu horretan, osasun agintaritzarekin kolaborazioa etengabea dela azaldu du Sagarzazuk, bereziki Bidasoa ESIrekin, horretarako komunikaziorako kanal arina martxan jarriz. Hala, arau berrietara “berehala” egokitu direla nabarmendu du.
Arau-hausteei dagokienez, oro har, herritarren jarrera txalotu duen arren, Udaltzaingoak egunero batez beste lau espediente administratibo zabaltzen dituela gogorarazi du. Halaber, igandean umeak kalera ateratzeko baimenarekin batera herritar askok ez zutela egoera kontutan hartu deitoratu du.
Beste ardatzak
Itxeki Hondarribia! txoke planaren bigarren ardatza Pertsonak eta familiak dira. Gizarte Zerbitzuak “ahalegin bizia” egiten ari direla eskaera guztiei erantzuna eman ahal izateko onartu du Sagarzazuk. Izan ere, beste departamentuetako teknikariak bertara bidali behar izan dituzte zerbitzua indartu ahal izateko, baita kontratarazio berriak egin ere.
Orain arte hamaika herritarrentzako larrialdi laguntza kudeatzen zuten, eta uneotan, hirurogei dira. Aurrerantzean kopuru horrek okerrera egin dezakeela uste du Sagarzazuk. Hala, herritarrak lagundu ahal izateko departamentu honen aurrekontua bikoiztu dutela gogora ekarri du, 550.000 eurotik 1.100.000 eurora. Egutegi fiskala ere egokitu dutela aipatu du alkateak.
Enpresak eta jarduera ekonomikoaren atalari dagokionez, lokala itxita duen enpresari bakoitza laguntzeko 1.000 euroko diru-laguntza prest du udalak. Denera, 1.115 enpresa daude erroldatuta Hondarribian, eta hortaz, 1.115.000 euroko diru-saila haien egoera arintzera bideratuko du udalak. Halaber, tokiko ekonomia suspertzeko kontsumo bonuak ere aipatu ditu alkateak, denera 300.000 euro; baita beste 80.000 euro gehiago turismo arloan herria “suspertu eta kokatzeko”.
Azken atala, udalaren funtzionamendu politiko eta tekniko-politikoari eragiten dio, eta egoera berriari dagozkion egokitzapen eta aldaketa guztiak hartzen ditu kontuan, Sagarzazuk esan duenez.
Bestelako neurriak
Kultur arloko langileen egoera ere izan du hizpide Sagarzazuk interbentzioan. Kultur eragileen egoera “latza” dela ohartarazi du, eta Eusko Jaurlaritzak egin bezala, haiekiko konpromiso osoa adierazi du.
Ildo horretan, udal talde guztiekin batera, “Itsas Etxea auditorioaren %30eko aforoa” baliatuta egutegi bat osatu nahi dutela zehaztu du. Hala ere, aurrerago egingo emango dutela horren berri gaineratu du.
Horrez gain, euskara eta Euskaraldiarekin konpromisoa “zalantzarik gabe” beteko dutela ere esan du agintariak.
Aurrekontua
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Udalen Finantzaketarako Foru Fondoak “%20 eta %25 artean behera egingo du”, Sagarzazuk esan duenez. Hala, Hondarribiko Udalak 2020 ekitaldirako hasieran aurreikusitako 22 milioi euroko aurrekontua txikiagoa izango da, eta alkateak gaineratu duenez, horrek 2021eko aurrekontuan ere eragina izango du.