[Erreportajea] Topa bai, baina etxean
Jaien egutegiak hutsune ugari izango dituela aurten agerian gelditzen ari da pixkanaka. Ekitaldi gehienak kolokan daude, eta dagoeneko, hainbat ospakizun bertan behera uzteko edo atzeratzeko erabakia hartzen hasi dira.
Iruñeko Udalak 2020. urteko San Fermin jaiak bertan behera utzi izanak aurrekaria ezarri du Euskal Herrian, eta erabakiak aurtengo festen egutegia zertan geldituko den argitzeko balio du. Momentuz, epe laburrean egitekoak ziren ospakizun, jai edo festa ekitaldi oro bertan behera utzi dituzte erakunde eta eragileek, osasun neurri guztiak betetzea ezinezkoa dela argudiatuta.
Areago, zer dira jaiak taberna eta jatetxerik gabe? Ostalariak pertsiana igotzen azkenaurrekoak dira Espainiako Gobernuak zehaztutako zerrendaren arabera, eta horren ondoren emango du baimena Madrilek ekitaldi masiboak berreskuratzeko. Zerrendaren bukaeran dauden arren, egoera aldakorra da, eta beraz, epe laburrean aurreikusitako ekitaldiak dira bertan behera gelditu direnak momentuz.
Orereta-Errenteriako eta Irungo sagardo egunak, San Marko edota Antxoberfest dira, besteak beste, Oarsoaldean eta Bidasoan bertan behera gelditu edo atzeratu direnak. Egutegiari erreparatuta, bihar hilak 25, ez da San Marko erromeriarik edo data honekin lotutako bestelako ekitaldirik egingo. Opila bedeinkatu nahi dutenek, etxeko balkoira edo leihora atera beharko dira, Hondarribian parrokiako kanpandorretik burutuko baitu erritua apaizak. Zer esanik ez San Marko opilari dagokionez, aurten, etxean jan beharko dute herritarrek, bai ala bai, eta hala gogorarazi dute udal ezberdinek. Areago, opila erosteko zenbait neurri eta jarraibide ezarri dituzte tokian tokiko agintariek.
‘Txotx!’ etxean
San Marko egunarekin batera, bihar ere egitekoa zen Orereta-Errenteriako Sagardo Egunaren XXXII. ekitaldia. Irailean berreskuratzen saiatuko dira antolatzaileak aurtengo jaialdia, «baina ez dakigu egin ahal izango dugun, ziur-ziur ez dakigu ezer», onartu du Igor Elberdin antolakuntza taldeko kideak. Euskal kulturaren alde antolatzen dute 21 elkarteren artean Orereta- Errenteriako Sagardo Eguna, eta haientzako ondorio ekonomikorik ekarriko ez duen arren, «animoan, gogo-aldartean eragingo du gehiago», haren ustez.
Orain arteko lana aurrera begira gorde dezaketela azaldu du Elberdinek, eta galera ekonomikorik ez dutenez izan momentuz, jaialdia irailean ospatu ahal izateko itxaropena agertu du. Bitartean, Oreretako Gazte Asanbladak etxeko balkoian txotx egitera eta bideoa grabatzera egindako biharko deialdia babestu dute antolatzaileek.
Bi aste barru, maiatzaren 9an, aurreikusita zuten Irungo Sagardo Eguna. Kasu honetan ere, irailera atzeratzen saiatuko direla adierazi du Taupadak gobernuz kanpoko erakundeko (GKE) arduradun Fernando de la Herak. Irailean ekitaldirik egin ahal izango den zalantza du, eta egin ahal izatekotan, egutegia atzeratutako ekitaldi guztietara egokitzea ezinezkoa ikusten du.
Taupadak da sagardo egunaren antolatzaile bakarra Irunen, eta galera ekonomikorik pairatu ez dutela onartu du arduradunak, momentuz, inbertsiorik egin ez dutelako. Hala ere, bildutako dirua Amazonasen arroan kokatutako San Ignacio de Moxos (Beni departamentua, Bolivia) herrian garatutako lankidetza proiektura bideratzen dute, eta galerarik handiena hori dela onartu du, hango egoera «oso latza» baita.
Uneotan, familia ugari elikatzeko larrialdi proiektu bat garatzen ari dira bertan, «konfinamendu garaian lanik egiten ez duenak ez du soldatarik jasotzen, aldi baterako erregulazio txostenak han ez dira existitzen». Hala, goseteak jota hil aurretik, herritar askok autoritateari men ez egitea eta birusarekin kutsatzera arriskatzea erabakitzen dutela azaldu du.
Baliabide propioekin lortu du GKEak eremu horretan dituzten bi kamioi elikagaiez bete eta San Ignacio de Moxoseko herritarren artean banatzea, eta konfinamendua amaitu arte hori egitea zen aurtengo sagardo egunean bildutako diruaren helburua. Egoera ikusita, ordea, gaur egun dituzten funtsak agortu arte lan egingo dutela esan du arduradunak. Izan ere, euskal erakunde publikoek larrialdi lankidetza proiektuetarako eskuragarri dituzten diru laguntzak etenda daudela gaur egun erantsi du.
Maiatzerako aurreikusitako Antxoberfest jaialdiak ere bertan behera utzi behar izan du bederatzigarren ekitaldia. Antolatzaileek ez dute jakinarazi noiz izango den jaialdia berriz ere egiteko aukera, baina ondoko mezua argi zabaldu dute sare sozialetan: «Ziur egon zaitezte ondo edan, jan eta parranda itzela egingo dugula elkarrekin».
Mendekosteak ere kolokan
Maiatza bukaeran ospatzekoak dira lezoarrak Mendekoste Jaiak. Ez dutela erabakirik hartu zehaztu du Xanti Val Lezoko Udaleko Kultura teknikariak, «denak ari gara sokatik tiraka ea azken orduan egin ahal izango diren». Jaiak atzeratzearen inguruan pentsatu ote duten galdetuta, ez lukeela zentzurik izango erantzun du arduradunak, eta irailean santakrutzak direla gogorarazi du. Ekaineko euskal jaiekin eta sagardo egunarekin zer gertatuko ote den ere zalantza agertu du Valek.
Jaiak ez egiteak eduki dezakeen ondorioen artean, kulturari eta ostalaritzari eragingo liokeela batez ere uste du teknikariak, kalte «izugarria» alegia. Kontratatzekoak diren emanaldi guztiak bertan behera utziz gero, aurrerago horiei heldu ahal izatea zail ikusten du arduradunak. «Jende asko, gainera, honetatik bizi da», deitoratu du.
Ekainari begira hainbat ekitaldi daude baieztatzeke agendan. Horren adibide da hilaren erdialdean egin ohi den Hondarribiko Erdi Aroko Azoka. Gai honen inguruan galdetuta, udalak ez dio erantzunik eman HITZAri. Dirudienez, hala ere, sozializatzeko debekuak luzera joko du.
Alarde Parekideak aurki hartuko du erabakia
Ekaina bukaeran egiten dira urtero Irungo San Martzial jaiak, eta horrekin lotuta dauden alardeak. Irungo Udalak momentuz ez du jaien gaineko erabakirik hartu, baina bertan behera utziz gero alarde baztertzaileak jakinarazi du ez duela desfilea atzeratuko.
Maite Bergara Alarde Parekideko jeneralak haiek ez dutela oraindik erabakirik hartu adierazi du, «hala ere, sanferminetako berria ikusi ondoren, nik pertsonalki uste dut jaiak bertan behera geratuko direla aurten, baina momentuz ez dakigu ezer». Alardea atzeratzea ez dutela planteatu ere egin gaineratu du buruzagiak.
Hala, aste honetan edo hurrengoan asko jota behin betiko erabakia hartuko dutela zehaztu du jeneralak. Izan ere, maiatzean ekin beharko liokete alardearen aurretiko antolaketa lan guztiari