Peli Lekuona: «Emakume hauek historia ofizialean baztertuak izan dira»
‘Izan zirenak eta izango direnak’ dibulgazio lanari esker, orain arte ezezagunak izan diren datu ugari plazaratu ditu Kepa Ordoki elkarte irundarrak.
Testigantza gutxi batzuk zuzenean eskuratu dituzue, elkarrizketen bitartez. Nola joan dira?
Elkarrizketen atala proiektuko zati berezienetakoa izan da. Bi emakume hauek topatu genituen, eta prest ziren haien bizipenak kontatzeko. 1936ko estatu kolpea nola bizitu zuten, beraien familiak zer nolako ibilbidea egin zuen, itzulera nolakoa izan zen… Galdera ugari egin genizkien. Jasotako gertakari eta informazioaren inguruan ere galdetzen genien, datuak haiekin kontrastatu ditugu. Garaiko argazki dezente ditugu, eta jende asko ezagutu dute, baita argazkia non ateratakoa zen ere. Oso gustura aritu dira. Elkarrizketa horietatik erlazio bat sortu da haien eta elkarteko kideen artean. Perez, adibidez, memoria historikoaren inguruko edozein gauzetara apuntatzen da. Eskertu dute eskaini diegun arreta hori. Batzuentzako zaila da jasandako gehiegikeriak kontatzea, baina bi kasu hauetan gogoz aritu dira. Sekulakoak kontatu dizkigute, informazio aldetik balio handiko elkarrizketak izan dira.
Urte luzez errefuxiatuta ibili ostean, hona heltzean diozue «Irunik krudelena» aurkitu zutela. Nolakoa zen orduko Irun?
Hori azaltzeko Rosi Perezen jaunartzea oso adibide ona dela uste dut. Garai horretan San Miguel auzoan egiten zuen bizitza, bizilagun guztiek bezalaxe. Ez zuten zertan erdigunera joan beharrik. Jaunartzeak Junkal elizan egiten zirenez, goiz hartan hara joan behar izan zuten. Berak oso markatuta dauka nolakoa izan zen bide hori, eta horrek azaldu du berreraikuntza lanak uste baino beranduago hasi zirela. Irun oso gris batekin egiten dute topo biek. Klasismo asko zegoen orduan, bazterketa handia, eta horren adibide garbia Violet izan daiteke. Berak pospolo fabrikan lan egiten hasi nahi zuen. Halere, haren abizenak jakiterakoan ia-ia ostikoka bota zuten fabrikatik, gorrien senideei ez zietelako lanik emango. Klasismoaren beste adibide garbia Colon pasealekua izan zen. Acera de los dos reales eta Acera de las pesetas izenek bi espaloietan banatu zuten pasealekua. Lehenengotik burgesak eta eskuindarrak joaten ziren; bestetik, errefuxiatuak, langile klasekoak eta pixka bat bazterketa hori jasaten zutenak.
Beraz, elkarrizketek lagundu dute orain arte jasota ez zegoen informazioa eskuratzen?
Bai, hori da, zenbait datu berri jaso ditugu. Adibidez, gehigarria izan da Irungo kontzentrazio esparruez aipatu digutena, bai Violetek eta bai Perezek berretsi dute Behobiako Karioka dantzalekua kontzentrazio esparrua izan zela. San Miguel eta Anaka auzoen arteko eraikin bat ere horrelako bat izan zela jakin dugu. Eta berritasun bezala, susmagarrien zerrena batekin egin dugu topo informazio bilketan zehar. Garaiko eskualdeko junta karlistetako kideek egindako susmagarrien zerrenda bat da. Horretan seinalatzen zituzten eskualdeko emakumeak. Askok isunak jaso zituzten; beste asko, berriz, lanetik bota zituzten. Gogortasun horretan aipagarria iruditzen zaigu eskualdeko bizilagun batzuek bertako beste bizilagun batzuk seinalatu zituztela zerrenda horietan, eta hori esatea jazoera nabari bat dela iruditzen zaigu.
150 emakume inguru bildu dituzue ikerketan. Lehen datu horiekin, zein ondoriotara heldu zarete?
Lehen ondorio nagusia eskualdeko emakumeak erresistentziaren parte izan zirela da, bai gerran eta baita gerra ostean ere. Badakigu nor zen Antonio Ortega, badakigu nor zen Manuel Errandonea, badakigu zein zen Kepa Ordoki, baina agian ez dakizkigu hain ongi zein izan ziren Felipa Dominguez edo Orosia Ordoki. Konturatu gara emakume hauek ere bertan egon zirela, baten bat erizaina izan zen, beste batzuk milizianoak, Rafaela Gomez bezala, esaterako. Gizonekin batera emakume asko egon ziren frontean. Irungo milizietan zazpi emakume aurkitu ditugu. Egia da gizonezkoen kopurua askoz ere handiagoa dela, baina emakumeek paper garrantzitsua izan zuten. Hori azaleratu nahi izan dugu. Ateratzen dugun ondorio nagusienetako bat da emakume hauekiko ahanztura dagoela eta historia ofizialean baztertuta izateaz gain, gure eskualdeko imajinario kolektibo horretan ere faltan daudela sumatu dugu. Horri erantzunez jaio da proiektua.
Gero, gaurko betaurrekoekin ikusita, aipagarria iruditu zaigu abortuak egiten zituztelako, edota beraien sexualitate edo jarreragatik ere zigortuak izaten zirela emakumeak. Adibide bat jartzearren: 17 urteko Pilar Legasari gertatutakoa. Sei egunez Hondarretako kartzelan atxilotuta egon zen, eta Donostiako konbentu batera eraman zuten. Erregimen erdiko kartzelario bat zela jaso dugu, bertan egunero fisikoki eta psikikoki eraso egiten zieten emakumeei, inolako deliturik egin gabe. Emakume hauek egoera horretan zeuden ez zituztelako garaiko arauak jarraitzen, adibidez, lesbiana izan zitekeelako, edota ezkondu gabe erlazio sexualak izaten harrapatu zituztelako. Gero, badugu beste kasu esanguratsu bat. Abortu saiakera batengatik kartzelan sartu zuten Lucia Irureta. Askatu arren, abortatu ostean berriz ere atxilotu zuten. Horrelako kasu berezi askorekin egin dugu topo.
Memoria historikoaren aldeko pausu asko eman arren, oraindik ere frankismoaren arrastoa Irunen handia da?
Bai, tamalez bai. Kale izendegian badira garaiko arrasto asko. Oraindik ere ikur frankista asko geratzen dira Irunen, baita Hondarribian ere. Adibidez, Renfe geltoki ondoko Pequeña Velocidad pabiloia kontzentrazio esparru bat izan zen, eta egun zutik jarraitzen du. Ez dakigu Via Irun proiektuarekin zer egingo duten, baina eraikina oso garrantzitsua da irundarrentzat. Bertatik milaka pertsona pasatu ziren 1938-1942 urteen artean. Eta horrelako beste gune asko daude. Uste dugu mantendu beharko liratekeela horrelako guneak, eskualdean zer geratu zen jakiteko, ohartzeko eskualdean errepresioa egon zela, zuriketarik ez egoteko. Helburua da jazoera horiek berriz ere ez errepikatzea, askatasunaren alde borrokatu zuten emakumeen omenez.