«Irungo Udalak askoz gehiago egin behar du gainean dugun krisi ekonomikoari aurre egiteko»
Irun Aurrera planean jasotako neurriak positiboki baloratu arren, Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza taldeak aurrera pausu gehiago emateko beharra nabarmendu du.
Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza udal taldeak joan den asteazkenean talde guztien oniritziarekin adostutako Irun Aurrera planaren inguruko irakurketa egin du. «Lehen laguntza horiek enpresa txiki eta ertainei likidezia sortzeko balioko dute, bai eta egungo krisiak kaltetutako sektoreei, bereziki merkataritzari, ostalaritzari eta zerbitzuen sektoreari, kargak eta kostu ekonomikoak arintzeko ere», diote taldetik.
Planean jasotako zenbait neurri formazioaren proposamenez heldu direla gogoratu dute lehenik. Ondorengoak dira neurri horiek: CBAren funts bibliografikoa handitzeko diru laguntza, etxeetan autokontsumorako elementuak diruz laguntzeko onartutako eta aurrekontuan sartutako ildoa, saltoki digitalizatuak zentralizatzeko APP bat sortzea eta Txinzer-en (Txingudiko Zerbitzuak) planteatutako laguntzetan euren negozio bolumena %75ean murriztu duten autonomoek eta ETEek hobarien %50a jasotzea.
Hartutako neurriak positiboki baloratu arren, «harago» joateko beharra nabarmendu du taldeak. «Krisi honek gehien behar eta kolpatzen dituen familiak babestu behar dira. Argi dago Irungo Udalak askoz gehiago egin dezakeela eta egin behar duela gainean dugun krisi ekonomikoari aurre egiteko». Asteazkenean aurkeztutako neurri sorta «mobilizazio oso txikia» dela argudiatu dute, aurrekontuaren %2a zehazki. Izan ere, bertan jasotako neurri asko 2020rako dagoeneko indarrean dagoen aurrekontuan aurki daitezkeela diote.
Berdintasunean, justizia sozialean eta trantsizio ekologikoan oinarritutako berreraikuntza ekonomiko eta soziala egiteko euren eskua luzatu dute Elkarrekin Podemos-eko kideek. «Pertsona eta sektore ahulenak izango dira gure lehentasuna. Nolanahi ere, argi utzi nahi dugu aurrekontu berriaren formulazio hau izapidetzeak ezin duela balio urtarrilean adostutako ardatzak eta helburuak aldatzeko», gehitu dute.
Amaitzeko, udalak aurretik duen erronkak «ezohiko jarrerak eta neurriak» behar dituela diote.