Irungo alarde parekidea, bertan behera
Osasun larrialdia dela eta, ekainaren 30ean ekitekoa zen desfilea bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek.
Lehenik, maitasuna eta elkartasuna helarazi nahi izan diete osasun krisiaren biktimei eta haien senide guztiei. COVID 19aren krisiak aurtengoa eragotzi arren, irundar guztiak «bat eginez, inor atzean utzi gabe» egoeratik irteteko deia egin dute. «Aurten egingo ez dugun Alardearen indarra herritarron indarra da. Elkar ikusteko, besarkatzeko, txilibitua edo danborra joz elkarrekin desfilatzeko ezina ordea, bai bihur dezakegu adore eta kemen, gure gizartea, irundarrona, zatiketak atzean utzi eta batuago egon dadin, elkartasunez berdintasunez lotuago».
Itxaropen mezu bat ere helarazi nahi izan diete herrikideei: «Berriro beteko ditugu geure kaleak, geure kafetegiak, geure dendak Berriro egingo dugu topo geure senideekin, lagunekin, eta musu emango diogu elkarri. Baliatuko ahal dugu bizi garen egoera berri eta mingarri hau pertsona hobeak eta herritar hobeak izaten ikasteko»