Zuzeneko solasaldia eskainiko du bihar EH Bilduk
Udalak hartutako azken erabakien berri ematea eta galdera erantzunen bitartez herritarrekin solasaldia edukitzea da helburu nagusia.
Hondarribiko EH Bilduren Udal Taldeko Xabier Isasik eta Xabi Bengoetxeak zuzeneko saioa emango dute bihar, larunbatarekin, Youtube plataformaren bitartez, 18:00etan. Udalak hartutako erabakien berri ematea militantziari zein herritarrei da helburua, baita galdera eta erantzunen bidez solasaldi bat mantentzea ere.
Konfinamenduak ezarritako mugak direla-eta sistema honen bitartez saiatzen ari dira koalizio abertzaleko zinegotziak tokiko gaurkotasun politikoaren berri ematen. Orain arte bi saio egin dituzte eta sistema positiboa izan daitekeela ondorioztatu ondoren hirugarren zuzeneko bati heltzea erabaki dute.
Bigarren zuzeneko emanaldian, asteazkenean, kultur eragileen grebaren inguruan Joxemari Karrere ipuin kontalari eta batzarkidearekin solasaldia mantendu zuten zinegotzi hondarribiarrek. Bertan ikus daiteke saioa.