[Erreportajea] Lehen lerroko emakumeak
1936ko Gerran eta ondorengo garaietan Bidasoko emakumeek izandako rola aztertu du Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak, dibulgazio lan baten bitartez.
Kepa Ordoki memoria historikoaren aldeko elkarteak Irungo iragana ezagutzeko etengabeko lanean jarraitzen du. 2018tik, egungo bidasoarren aiton-amonek bizitutako garaietara bidaiatzea izan da euren zeregin nagusia, 1936ko Gerraren ondorengo Irun gogorrera, orain arte itzalean egon diren ehunka eta ehunka testigantza eta historia zati berreskuratuz.
Bestelako lanen artean, egungo irundarren amonek bizitutako errealitatera egin dute jauzi azken urtean, Izan zirenak eta izango direnak gogoan dibulgazio lanarekin. «Gure herriaren askatasunean parte hartu zuten emakumeen rola ezagutu nahi izan dugu, gehienak itzalean egon baitira. Zer gertatu zen eta zeini gertatu zitzaien ikertzea izan da helburu nagusia», azaldu dute elkarteko kideek.
Bilaketarekin hasteko, Gipuzkoako eta Nafarroako artxibategietara jo dute ikertzaileek, baita zenbait ikerketa akademikotara ere. Lan luze baten ondorioz, 150tik gora emakume identifikatu eta aztertu dituzte. Bakoitzeko fitxa bana sortu dute, jasandakoen xehetasun guztiekin.
Bidasotik errefuxiatutakoak, atxilotutakoak, errepresaliatuak, frontean egondakoak… Askotariko emakumeen datuak jaso dituzte. Eta horiek guztiak herritarren eskura jarri dituzte, webgune honetan. Esteka berean artxibategi, liburu eta bestelako iturrietatik jasotako informazio guztia ikus daiteke.
Dibulgazio lanerako Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza jaso du Kepa Ordoki memoriaren aldeko elkarteak.
Bi lekuko
Jasotako informazio gehiena artxiboetatik atera duten arren, 1936ko Gerraren osteko Irun hura ezagutu zuten bi protagonistekin zuzean elkarrizketatzeko pribilegioa izan dute. Rosi Perez eta Juncal Violet dira bi protagonista horiek, urte luzez errefuxiatu izan ostean, «Irunik krudelena» ezagutu zuen bikotea.
Violet 1925. urtean jaio zen, eta betidanik Behobia auzoko bizilaguna izan da. Oraindik ere atzo balira bezala gogoratzen ditu garai horiek, ez du sekula ahaztuko gerrak eztanda egin zuen egun hura. «Hendaiako hondartzan harrapatu gintuen gerraren hasierak. Handik Irunera bueltatzerakoan muga itxi egin zuten eta ezin izan genuen bultatu», kontatu die elkarteko kideei. Halere, modu berezian berriz ere auzora itzultzea lortu zuen Violeten kuadrillak. «Ur gehiegi ez zegoenez, Faisaien Uhartetik bueltatu ginen Irunera». Lehen egun hartatik egoerak okerrera egin zuela kontatu du irundarrak, eta tamalez, gerrako hotsekin bizitzera ohitu behar izan zutela. «Gaur egun tiro bat entzuten dugu eta korrika ateratzen gara, baina garai haietan ez zen hala. Ez genuen sekula gerra bat ikusi. Bonbardatzera etortzen zirenean begira geratzen ginen, txundituta».
Perezek, ordea, ez du altxamenduaren eta gerraren oroitzapenik. 1935. urtean jaio zen Irunen, eta amarengandik jaso du garai hartako lekukotasun guztia, ongi ezagutzen ditu garai horiek. Irungo erreketa hasi zenean ihes egin zuela jaso du elkarteak, Bartzelonarako bidean. «Elitxutik hasi ziren herria erretzen. Orduan, ontzi batzuetan sartu ginen Plaiaundin. Ez dakit nola lortu genuen ihes egitea», kontatu du Perezek. Hiru urte Katalunian igaro ostean, berriz ere Euskal Herrira itzuli zen senideekin batera. Irunen, ordea, egoerak ez zuen hobera egin. «Bost urtez arto hostoz egindako ohe batean egin genuen lo. Gosez hiltzen ginen garai horietan, ez zegoen ia jatekorik».
Oroitzapen gehienak amarengandik jaso arren, bada irudi bat Perezek sekula burutik kenduko ez duena. «Gogoan dut zazpi urterekin Junkal elizara joan ginela, jaunartzea egitera. Amarekin abiatu nintzen, eta ez dut sekula ahaztuko Colon pasealekua. Hondamendia zen hura, sekulako desolazioa».
Bi protagonistekin egindako elkarrizketak podcast bidez osorik entzuteko aukera eskaintzen ari da jada Kepa Ordoki elkartea. Bestalde, testigantzarik edo informazio baliagarririk izanez gero, haiekin harremanetan jartzeko deia egin diete hala nahi dutenei. Horretarako webgune honetara joan daiteke.