Zelaia lasterketak, etxetik ere, solidarioa izaten jarraituko du
Laugarren edizioa bertan behera geratu arren, lasterketa birtuala egingo dute datorren uztailaren 7an. Jasotako diru guztia Gurutze Gorriak jasoko du.
Aurten ez da ohiko Zelaia lasterketa solidariorik egongo. Antolatzaileek jakinarazi berri dutenez, bertan behera geratu da laugarren edizioa, larrialdi egoeragatik. «Egoerak nola eboluzionatu duen ikusita, taldeko kide guztiek erabaki dugu aurten ez dugula lasterketarik egingo», adierazi dute antolatzaileek, beraz, datorren urteko uztailera itxaron beharko dute zaleek.
Aurtengoa bertan behera geratu arren, etxetik bada ere lasterketarekin jarraitzeko asmoa adierazi dute. Hala, martxa oso berezia egingo dute datorren uztailaren 7an. Lasterketa birtuala egingo dute, modu telematikoan. Jasotako diru guztia Gurutze Gorriak jasoko du, maskarak eta bestelako osasun materiala erosteko. Datozen egunetan informazio gehiago iragarriko dute.