Txingudiko Pentsiodunak: «Erantzukizuna eskatzen dugu, errespetua eskatzen dugu»
Eskualdeko pentsiodunek larrialdi egoeraren gaieneko irakurketa egin dute. Konfinamendua kendu edo arinduz gero, adinaren araberako murrizketarik ez egotea exijitu dute. «Eskubide eta betebehar guztiak dituzten pertsona fisiko gisa tratatzea eskatzen dugu».
Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduak larrialdi egoeraren gaineko irakurketa kaleratu berri du. «Pena ematen digu eta hunkitu egiten gaitu pandemia honek eragiten dituen heriotzak, bereziki adineko pertsonengan, bereziki berriz ikusiko ez ditugun kideengan», diote pentsiodunek.
COVID-19aren krisiarekin azken urteetako murrizketak eta horien ondorioak agerian geratu direla nabarmendu dute. Horregatik, premiazkotzat jo dute Osasun Publiko Unibertsala izatea, «herritarren osasun eskaerei erantzuteko behar beste giza baliabide eta baliabide material izango dituena».
Egoera gogorrena adinekoen egoitzetan bizitzen ari direla salatu dute, «osasun agintari, politiko, sozial eta judizialek argitu, zuzendu eta zigortu beharko dituzten arrazoiengatik». Adinekoei laguntzeko sektore publikoa indartu behar dela diote, etxe zein egoitzetan, «kontrol sakonagoak ezarriz».
Zenbait herrialdetan baloratzen ari diren deseskalatze horren inguruan ere aritu dira pentsiodunak. Salatu dute adineko pertsonen zirkulazio askea eragotzita ekingo diotela prozesu horri, «neurri diskriminatzaile» gisa baloratu dute erabakia. «Erabaki hertsatzailea eta arbitrarioa izango litzateke. Espero dezagun gobernatzen gaituzten agintari politiko eta sanitarioak sen onean oinarritzea eta adinaren araberako diskriminazioak alde batera uztea».
Amaitzeko, isolamendua kendu edo arintzen badute, adinaren araberako murrizketarik ez egotea exijitu dute. «Eskubide eta betebehar guztiak dituzten pertsona fisiko gisa tratatzea eskatzen dugu. Erantzukizuna eskatzen dugu, errespetua eskatzen dugu».