Positibotzat jo ditu Amuitz merkatarien elkarteak udalak abiatutako diru-laguntzak
COVID-19aren eraginez sortutako ondorio ekonomikoak konpondu ez arren, euren egoera arintzen lagunduko duela adierazi dute.
Kontent. Hala hartu dituzte Amuitz Hondarribiko merkatarien elkarteko kideek udalak abiatutako diru-laguntzak. «Positiboki» jaso dutela erabakia azaldu du Sonia Herce elkartekideak, eta egindako lana eta hartutako jarrera eskertu nahi izan dizkie udal talde guztiei, «haiek egindako lana gabe ez litzateke posible izango».
Udalak enpresak laguntzeko iragarritako milioi bat eurotik gorako diru-laguntzek, hala ere, ez dutela egoera konponduko argi du merkatariak, baina behintzat «arindu» egingo duela onartu du: «Ematen dituzten laguntza guztiak ez dira nahikoa izango, gutxi izango dira, baina erabat beharrezkoak».
Diru-laguntzak denengana iristeko itxaropena agertu du Hercek egoera «oso larria» baita. Hiru multzotan banatu ditu Hondarribiko merkatariek bizi duten egoera. Batetik, saltokia irekitzeko baimena hasieratik dutenak daude, janari dendak adibidez. Kasu honetan, zenbaitzuk beldurrez ari direla lanean esplikatu du, «neurri higieniko guztiak bete behar dituzte eta uste dugu agian udalak horretan lagun zezakeela».
Bestetik, establezimendua zabaltzeko baimena berriki jaso dutenak daudela zehaztu du, optikak edo gozoki dendak esaterako. «Derrigorrez ireki behar dute orain, baina ez da jenderik sartzen. Ordu asko ematen dituzte bertan ia lanik egin gabe. Ez dakit zer den okerrago», azaldu du Hercek.
Eta azkenik, ixteko agindua bete behar dutenak daude, eta horien egoera «oso larria» dela ohartarazi du: «Ez dugu diru sarrerarik eta gastu finkoak berdinak dira. Gainera dendan jasota dugun genero guztia ordaindu behar dugu».
Elkarlanerako prest
Hondarribiko Udalarekin hartu emana «ona» izan dela prozesu honetan onartu du elkartekideak, eta Amuitzeko kideek elkarlanerako prest daudela adierazi du. Azaldutakoaren arabera, Maria Serrano Merkataritza zinegotziaren deia jaso zuen Hercek martxo bukaeran egoera zein zen eta zein behar ziuten jakiteko.
Amuitzek eskaera batzuk igorri zizkion udal gobernuari, eta denbora batez ez zutela ezer jakin aitortu du. «Ez genekien zertan zegoen gaia baina bai badakigu udaleko alderdi guztiek lan mordoa egin dutela».
Iragan astean berreskuratu zituzten harremanak, eta aste honetan diru-laguntzak kaleratu izanagatik poztu da merkataria. Orain beste bilera telematiko bat egingo dutela izapideak eta bestelako xehetasunak zehazteko ere aurreratu du.
Aurrera begira egoera nola ikusten ote duen galdetuta ez da oso baikor agertu da Herce. «Jakiten dugunean noiz irekiko dugun eta nola, hor laguntza handia beharko dugu. Merkataritza bonuak eta tokiko kontsumoa bultzatzeko kanpaina proposatu dituzte, baina kristoren lana egin beharko dugu», azaldu du. Larrialdi krisiaren ondoren hainbatek ezingo dutela pertsiana berriz ere igo deitoratu du.
Ildo horretan, herritarrei ere dei egin die, eta kontsumo ereduaren gaineko gogoeta egitera gonbidatu ditu, «ea honen ondoren jendeak kontzientzia hartzen duen eta herrian kontsumitzen duen, eta ez merkatalgune handietan. Denon artean egoera arintzea lor dezakegu».