Larunbateko azoka Uranzu pilotaleku handira eramango dute
Bigarren 0 kilometroko azoka berritasunekin dator. Gunea aldatzeaz gain, ordutegia ere luzatzea erabaki du udalak.
Joan den astetik Irungo baserritarrek berriz ere euren produktuak saltzeko txoko bat izan dute Uranzu txiki pilotalekuan. Larunbateroko Urdanibia plazako azoka txikiko ekoizleen eskariz, eta Eusko Jaurlaritzaren baimen berriari esker, 0 kilometroko azoka egin zuten larunbatean (hilak 18).
Bada, aste honetakoa berritasunekin datorrela iragarri berri du udalak. Uranzu pilotaleku handira eramango dute larunbatekoa (hilak 25), postuen kopuruak gora egingo baitu (guztira, sei izango dira) eta udalak argudiatutakoaren arabera, osasun neurriak betetzeko espazio handiago baten beharra ikusi dute. Ordutegia ere luzatuko dutela jakinarazi dute, 9:30tatik 13:30tara erosketak egiteko aukera izango dute irundarrek.
Joan den larunbateko azokan bezalaxe, udaltzainek eta Babes Zibileko boluntarioek neurri guztiak betetzen direla bermatuko dute. Sarrera arautua izango da, eta edukierak ere muga bat izango du. Horrez gain, eskularruak, xaboia eta maskarak banatzen ariko dira.