Egunean behin, ordubetez atera ahalko dira haurrak kalera
09:00etatik 21:00etara atera ahal izango dira, beti heldu batek lagunduta. 14-17 adin tartekoek, helduen baldintza berberetan atera ahal izango dute.
Igandetik aurrera, 14 urtetik beherako haurrek ordubetez kalera ateratzeko aukera izango dute. Egunean behin atera ahalko dute, 09:00ak eta 21:00ak artean, etxetik kilometro batera gehienez, eta gurasoetako batekin edo anai-arreba nagusi batek lagunduta. Gehienez hiru haur batera atera ahalko dira, eta segurtasun tartea mantendu beharko dute —ahal dela bi metrokoa, eta bestela, gutxienez, metro batekoa—.
Paseatzera bai, baina parkeetara ezingo dute joan. Hori bai, beren jostailuak kalera ateratzeko baimena ere izango dute. Landa eremuko haurren kasuan, mendi ingurura joateko baimena izango dute, segurtasun baldintzak eta ordubeteko gehienezko ateraldia errespetatuta.
Beste zalantzetako bat, haurrek maskara jantzi behar duten edo ez kalera irteteko. Derrigorrezkoa ez dela esan du Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko lehendakariordeak, segurtasun eta higiene neurriak betetzea dutenean, horiek bete ezin direnean beharrezkoa izango da maskara erabiltzea.
Eta zer gertatzen da 14 eta 17 urte arteko nerabe eta gazteekin? Ulergaitza horien inguruan hartu duten erabakia. Helduak egiten zituztenak egiteko atera daitezke soilik kalera, hau da, supermerkatuetara —hala zehazten du, suposatzen da azokara ere joatea izango dutela— edota botikara joateko erosketa egitera eta bakarrik egin beharko dute. Horien kasuan, beraz, lau paretak beste lau paretekin ordezkatzea da hartu duten neurria. Aldea handia dago ordea, etxeko eta beren geletako lau pareta, eta supermerkatuetakoen artean; lehenak, biagrrenak baino askoz ere seguruagoak dira COVID-19arekin ez kutsatzeko, ezbairik gabe. Haien kasuan, maskara ez da derrigorrezkoa, baina bai gomendagarria.