70 urtetik gorako adinekoekin harremanetan jartzen ari dira Gizarte Zerbitzuak
Adineko herritarren egoera zein den eta zein behar dituzten identifikatu nahi du udalak. 75 urtetik gorako herritar ororekin kontaktatu dute dagoeneko.
Gizarte Zerbitzuek 70 eta 75 urte arteko adineko hondarribiar ororekin harremanetan jarri nahi dute. Herritar multzo honen egoera zein den jakin nahi du udalak, baita euren beharrak identifikatu ere. Denera, 483 dei egingo dituztela horretarako zehaztu du Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, 215 bakarrik bizi diren herritarrei, eta beste 268 bikoteka bizi direnei.
Adinaren arabera ekin zioten Gizarte Zerbitzuek harremanetan jartzeko saiakerei. Hala, lehenbizi, laurogei urtetik gorako herritar guztiekin kontaktuan jarri ziren, eta ondoren 75 urtetik gorakoekin. Oraingoan, 70 eta 75 urte arteko adinekoen txanda iritsi da.
Larrartek helarazitako datuen arabera, orain arte egindako deien harira 45 lagun Gurutze Gorrira bideratu dira, sei ESI Bidasoara, eta beste hiru, Nagusilan elkartera.