Ekonomia eta gizartea sustatzeko 'Irun Aurrera' plana osatu du udalak
Planaren lehen neurri sortarako 5,7 milioi euroko aurrekontua onartu dute; horietatik 3,8 milioi euro programa berriak martxan jartzeko dira, eta gainerakoa aurretik zehaztutako tresnen osagarriak dira, indartu eta handitu egingo dituztenak.
Larrialdi egoerak eragindako krisiari aurre egiteko asmoz, Irungo Udalak Irun Aurrera izeko plana aurkeztu du gaur. Helburua, ekonomia eta gizartea sustatzea da, eta horretarako, 6 milioi euro inguru bideratuko dituzte saltokien zuzeneko laguntzetarako, eta 1.400 eurorainoko laguntzak izan daitezkeela zehaztu dute. Aurkezpenean, Jose Antonio Santano alkateaz gain, talde guztietako ordezkariak izan dira, guztien oniritziarekin onartu baitute plana.
«Plan horren bidez, egungo alarma-egoerak eta etorkizunekoak familien nahiz enpresa-sarearen ekonomietan duen eragin ekonomiko eta soziala txikitu nahi da», adierazi du gaur alkateak. Martxoaren 14ko lehen dekretutik, udalak «helburu garbiak» izan dituela azaldu du Santanok, eta oraingo plan berrian ere jaso dituztela nabarmendu du. Planaren lehen neurri sortarako 5,7 milioi euroko aurrekontua onartu dute; horietatik 3,8 milioi euro programa berriak martxan jartzeko dira, eta gainerakoa aurretik zehaztutako tresnen osagarriak dira, indartu eta handitu egingo dituztenak.
Neurriak
Hartutako neurriei erreparatuz, bost pizgarritan definitu dituzte Irun Aurrera planaren lerro nagusiak: Pizgarri ekonomikoak, pizgarri sozialak, pizgarri fiskalak, tokiko kontsumorako pizgarriak eta prestakuntza pizgarriak.
Pizgarri ekonomikoei dagokionez, lehenik, autonomoei eta mikroenpresei bideratutako laguntza ekonomikoaz aritu da alkatea. Jarduera mantentzera eta enplegua eta gastuak babestera bideratuta dagoela azaldu du, alokairua, hornitzaile ordainketak, zergak, autonomoen kuotak eta kredituei eusteko. Horretarako, bi lerro zehaztu dituzte: 10 langile baino gutxiagoko autonomoek eta mikroenpresek, Irunen kokatutako jarduera ekonomiko bateko titularrek, ixtera behartuta daudenek edo fakturazioan %75eko murrizketa egiaztatzen dutenek 800 euroko laguntza jasoko dute. Bestalde, 10 langile baino gutxiagoko autonomo eta mikroenpresek, Irungo jarduera ekonomiko bateko titularrek eta irekita egon arren fakturazioan %50 eta %75 arteko murrizketa egiaztatzen dutenek 500 euroko laguntza jasoko dute. Bi kasuetan ondorengo osagarriak gehituko zaizkiela azaldu dute: 200 euro titularra emakumea bada, 200 euro lokala errentan izan ezkero, 100 euro enpresak 1 eta 5 langile artean baldin baditu eta 200 euro enpresak 6 eta 10 langile artean baldin baditu.
Pizgarri ekonomi gehiago aurkeztu ditu gaur alkateak. Kulturaren munduan aritzen direnei laguntzeko 800.000 euro bideratuko dituzte. Bestalde, konpromisoa hartu dute udaletxera iristen diren faktura eta zerbitzuetan 7 eguneko epean hornitzaileei ordaintzeko. Kontratazio publikoaren esparruan, eraikuntza sektoreko enpresa txiki eta ertainetan eragin dezaketen mantentze lanen eta zerbitzuen aktibazio azkarra egingo dute. Amaitzeko, enpresa txikien eta tokiko gremioen jarduera ekonomikoa sustatzeko asmoz laguntzak 1.500 eurora arte handituko direla jakinarazi dute.
«Pertsonak lehentasuna izan dira alarma egoera ezarri zenetik», esan du Santanok. Bide horri jarraipena emateko, pizgarri sozialen berri ere eman du gaurkoan. Udalak kudeatutako Zubia bezalako zerbitzuen irekiera eta handitzerako, bazkari edo etxez etxeko zerbitzuen kontratuak aldatzeko eta Ama Xantalen egoitzaren asistentziarako 300.000 euro inguru aktibatu dituzte. Gainera, 250.000 euro gehiago bideratu dituzte laguntza berezietarako, «elikagaien oinarrizko premiei lehentasuna emanez, etxebizitzak alokatzeko laguntzak emanez eta oinarrizko hornidurak emanez, eskakizunak malgutuz eta prozedura arinduz». Interneterako sarbidea eta eten digitala murrizteko diru laguntzen lerro espezifiko bat ere onartu dute.
Pizgarri fiskalei dagokionez, bi neurri zehatz hartu ditu udalak. Alde batetik, itxierak zuzenean eragindako jardueretan bide publikoa okupatzeagatik tasaren hobaria aurreikusi dute (asteroko azoka eta terrazak). Gaine, aurte amaiera arte okupazioak eta aprobetxamenduak %95eko murrizketa jasango du. Bestetik, jarduera ekonomikoen gaineko zerga aldatzea planteatu dute, aurreikusi gabeko bi hobari berrirekin eta gaur egun aurreikusitako hobari ehunekoa handituz (%25etik %50era pasatuko litzateke).
Tokiko kontsumoa bultzatzeko ere zenbait pizgarri aurkeztu ditu udalak, milioi erdi euro inguru aktibatu dituzte horretarako. Hartutako neurrien artean, ondorengoak jaso dituzte: Irunen kontsumitzeko 250.000 euroko erosketa bonua jasoko dute Irungo familiek, eta bi fasetan aktibatuko dute (saltokiak irekitzean eta udazkenean); hiriko saltokiek online salmenta ireki ahal izateko 70.000 euro eta saltokien digitalizaziorako 60.000 euro inbertituko dituzte; Irungo liburutegietako funtsak handitzea tokiko merkataritzan egindako erosketen bidez (100.000 euro); tokiko nekazaritza produktuak saltzeko berariazko plataformari laguntzea.
Amaitzeko, prestakuntza pizgarrien berri eman du Santanok. Saltokiak itxita daudela probestuz, ondorengo bi egitasmoak abiaraziko dituzte: online salmenta kudeatzeko doako ikastaroak merkatari eta ostalarientzat (40.000 euro) eta lanbide profila hobetu nahi duten guztientzako prestakuntza programak eskainiko dituzte (40.000 euro).
«Ahalik eta azkarren»
Gaurko agerraldian alkateak eta bozeramaileek nabarmendu dutenez, «ahalik eta azkarren» egin nahi izan dute plana, neurriak berehala martxan jartzeko asmoz. Halere, beste administrazio batzuei egindako eskaerak ere jasotzen ditu gaur aurkeztutakoak. Alde horretatik, udalak aldundiari merkataritzarako eta ostalaritzarako Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren hobaria eskatuko dio (baldin eta hobari hori merkataritzarentzat bada). Bestalde, Eusko Jaurlaritzarekin ere harremanetan jartzeko asmoa dute, hezkuntzari dagozkion zenbait kontu argitzeko. Errefortzu eskolak egiteko aukera aztertzea eskatu diote, besteak beste, beharrezko segurtasun eta higiene neurriak gordeta. Era berean, beken eta laguntzen berrikuspena kontuan hartu beharrekoa dela gogoratu dute, «2019ko errenta mailek ez dutelako jasotzen familia askok osasun krisiarekin bizi duten egoera berria».
Arretarako zenbait telefono eskuragarri jarri ditu udalak (astelehenetik ostiralera 08:00etatik 13:30tara eta 16:00etatik 18:00etara), diru laguntzen onuradun izan nahi duten pertsona eta enpresentzat. Honakoak dira kontatu horiek:
- 943 50 9580 -ekintzailetza@bidasoa-activa.com
- 943 50 9581 – jgomez@bidasoa-activa.com
- 943 50 9582 – hrodriguez@bidasoa-activa.com
- 943 50 9583 – lgallo@bidasoa-activa.com
- 943 50 9561 – enpresak@bidasoa-activa.com
- 943 50 9562 – alarruskain@bidasoa-activa.com
- 943 50 9572 – mlorenzo@bidasoa-activa.com
Laguntzen informazio eta oinarri guztiak, esteka honetan eskuragarri daude.