[Eguneratua] Herriko Tabernen auziko epaia exekutatzen hasi da Espainiako Auzitegi Nazionala
Erabaki horrek eragina izango du Oarsoaldeko eta Bidasoko lau herriko tabernen gain: Errenteria-Oreretako Landare, Oiartzungo Girizia, Trintxerpeko Trintxer eta Irungo Hazian. Auzian sartutako herriko tabernen kontu korronteak enbargatzeko agindua eman du auzitegiak, eta datozen egunetan guztien enbargoa gauzatuko dela uste du Sortuk.
Herriko tabernen aurkako epaia gauzatzen hasi da Espainiako Auzitegi Nazionala azken egunetan. Hala jakinarazi berri du Sortuk. Erabaki horrek eragina izango du Oarsoaldeko eta Bidasoko lau herriko tabernen gain: Errenteria-Oreretako Landare, Oiartzungo Girizia, Trintxerpeko Trintxer eta Irungo Hazian. Auzian sartutako herriko tabernen kontu korronteak enbargatzeko agindua eman du auzitegiak, eta datozen egunetan guztien enbargoa gauzatuko dela uste du Sortuk.
Euskal Herriaren eta ezker abertzalearen aurkako lapurreta erraldoia dela epai hori salatu du Sortuk.
Duela bost urte eman zuen Espainiako Auzitegi Gorenak Herriko Tabernen auzi gisa ezaguna den 35/02 auziaren gaineko epaia: “Bost urtez lozorroan egon da epaiaren gauzatzea, baina bien bitartean, herriz herri, auzolanean, asko izan dira euren ekarpen politiko eta kulturalari eutsi eta are gehiago, biziberritu duten taberna eta elkarteak, herri giro biziari ekarpena eginez. Zoriontzeko moduko ahalegina”.
Euskal Herriarentzat, berri txarra den zalantzarik ez du Sortuk, eta berriro, gogora ekarri du, ezker abertzaleak zein euskal gizarteak aspaldi adierazi zutela iraganeko ziklo politikoa gainditu eta Euskal Herrian bakea eta askatasunaren bidean aurrera egitea ahalbidetuko duen agertoki politiko berri baten aldeko konpromisoa, “Espainiako Erreinuak eta bere estatu aparatu frankistek ordea, bakearen aldeko urrats oro oztopatzen tematuak jarraitzen dute”.
Halako jarrerek ez dutela ezker abertzalea bere bidetik aterako esan du, “oker dabiltza hori uste badute. Euskal Herriaren askapen prozesuan urrats sendoak eman ditugu azken urteetan eta norabide horretan borrokan segituko dugu; egoera konplexua izanda ere, eraso honek ez gaitu isilik utziko”.
2015ean eman zuen Espainiako Auzitegi Gorenak Herriko Tabernen auziko epaia. Horren arabera, 103 taberna konfiskatzea ebatzi zuen, baita hainbat laguni urtebete eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezartzea. Guztira 36 euskal herritar eseri zituen Espainiako Auzitegi Nazionalak 2013an auziaren gaineko epaiketan akusatuen aulkian, tartean Idoia Arbelaitz oreretarra eta Rufi Etxeberria oiartzuarra.
Epaiaren harira Errenteria-Oreretako Landare Herriko Tabernaren aurrean egindako protesta batean hartu zuen hitza Arbelaitzek esateko konfiskatzen dena ideia politikoak direla: “Jazarpen judiziala ondasunen konfiskaziotik harago doa Ez da taberna edo elkarte bat konfiskatzen, ideia politikoak dira konfiskatzen direnak. Konfiskatzen direnak erraldoiak, bertsogintza, dantza, kultura, madalenak, santomasak… dira. Elkarte honek 32 urte dauzka, eta herriko jende askok bere bizitza, bere orduak, bere gogoa eta bere ilusioa utzi du urte horietan guztietan”. Duela bost urte esan zuen beste zerbait Arbelaitzek, “1936ko Gerratik jasandako konfiskaziorik handiena da”. Sortuk ideia horretan sakondu du gaur, “”1936ko gerraz geroztik eman den expolio politiko eta ekonomiko handienari bide eman zion epai politiko eskandalagarri honek”.