Tamaina handiagoko antxoa bilatzera abiatu dira arrantzaleak
Kontserba enpresek ez dute tamaina txikiko antxoarik nahi, eta horri kontsumoaren beherakada gehitu behar zaio. Emaitza: 0,50 euroan saldu zuten kiloa atzo.
Orain dela bi egun ekin zioten arrantzaleek antxoaren kosterari, eta momentuz, ez daude kontent emaitzarekin. 0,50 euroan saldu zuten atzo Hondarribiko arrantzaleek kiloa. Momentuz kontuak ateratzen ez diren arren, oraindik ere goiz dela eta soilik bi egun igaro direla kanpaina hasi zenetik nabarmendu du Eugenio Elduaien Gipuzkoako Kofradien presidente eta arrantzale hondarribiarrak.
Tamaina txikiko antxoa da harrapatutakoa, batez ere kontsumo freskorako bideratzen dena, baina eskariak behera egin du eta horrek «oso prezioa baxua» duela esplikatu du Elduaienek. Kontserba fabrikek bere aldetik, tamaina handikoa erabiltzen dute eta bi faktoreak kontuan hartuta ondorioa argia da: «Prezioak behera egin du».
Antxoa handia arrantzatzea da kosterari irtenbidea bilatzeko uneotan dagoen modua, baina argi utzi du hondarribiarrak gauza bat dela «horren bila joatea, eta bestea, harrapatzea». Momentuz, hala ere, kanpainaren lehen egunak direla nabarmendu du Elduaienek, eta itxoin beharko dutela ea zer gertatzen den jakiteko.
Osasun neurriak
COVID-19 birusari aurre egiteko hartu beharreko segurtasun neurrien inguruan galdetuta, «medio guztiak» jarri dituztela azaldu du Elduaienek, «bai itsasoan, baita lehorrean ere». Segurtasun neurriak betetzea erraza izan ez arren, momentuz kasu positiborik ez dutela zehaztu du.