San Marko egunera begira hainbat neurri adostu dituzte
Osasun neurriak bermatzeko lanean ari dira udala, saltzaileak eta gozogileak; bedeinkapena balkoietatik egin beharko dela eta Guadalupera igotzea debekatuta dagoela gogorarazi dute.
Hondarribiko Udalak jakinarazi duenez, opila egile zein saltzaileekin lanean ari dira San Marko egunera begira osasun neurriak berma daitezen. Apirilaren 25ean, larunbatarekin, ospatuko da aurtengo Opila Eguna, eta egoera «berezia» dela jakinda, hainbat neurri hartu dituztela azaldu du Juan Luis Silanes Kalixa Kultura zinegotziak.
Ildo horretan, opilen enkargua eta etxeraino banaketa lehenestea eskatu du arduradunak, «pertsonen mugimendu txikiena egon dadin kaleetan». Opilen bila joan behar dutenen osasuna bermatzeko ordea, gozogileekin eta saltzaileekin batera lokalak ikuskatu dituela Udaltzaingoak azaldu du, «ahalik eta ilara ordenatuenak egon daitezen, segurtasun neurriak eta distantzia guztiak hartuz». Saltzaileek eta gozogileek bestalde, hainbat neurri ere bete beharko dituzte, tartean, erosleei hitzordu ezberdinak ematea denek bat ez egiteko opila jasotzeko garaian.
Bedeinkapenari dagokionez, elizako arduradunek parrokiako kanpandorretik egingo dutela helarazi diotela udalari zehaztu du Silanesek, larunbatean, 12:00etan. Herritarrek balkoira edo leihora atera beharko dituzte opilak bedeinkatuak izan daitezen.
Amaitzeko, etxeratze agindua indarrean jarraitzen duela gogorarazi du zinegotziak, eta Guadalupera edo ohiko beste lekuetara joatea debekatuta dagoela nabarmendu du.