PSE-EE: «Hondarribiar bakar bat atzean gera ez dadin lan egingo dugu»
Onartu berri diren diru-laguntzek ez dituztela zenbait esparru kontuan hartu deitoratu du sozialisten udal taldeak.
Hondarribiko Udalak 2,5 milioi eurotik gora onartutako diru-laguntzen inguruan iritzia eman du PSE-EEren Udal Taldeak. «Covid-19ak eragindako krisiarengatik hondarribiar bakar bat atzean gera ez dadin» lan egingo dutela ziurtatu dute alderdiko kideek, nahiz eta sozialisten hainbat proposamen kontuan hartu ez izana deitoratu duten.
Baliabide ekonomiko gutxien duten familiei eta seme-alabak dituztenei bideratutako laguntzei erreferentzia egin die talde sozialistak. Izan ere, baliabide eskasiak eragindako arrakala teknologikoaren ondorioz, eskolak online jarraitzeko arazoak agerian utzi dituela ikasleen artean salatu du udal alderdiak. Ikasteko materiala erosteko bonuak edo txartelak martxan jartzeko ere proposatu dute sozialistek.
Baliabide faltak sor ditzakeen desberdintasunengatik kezka agertu dute ordezkariek, eta horiek onartuak izan arte lanean jarraituko dutela adierazi dute.