Opila Egunerako zenbait jarraibide eman ditu udalak
Opilak online edo telefono bidez erosteko deia egin dute herritarren artean. Bide batez, beste etxeetan bizi diren familiei banatzea debekatuta dagoela gogoratu dute.
Datorren larunbateko (hilak 25) Opil Eguna ezohikoa izango da. Larrialdi egoera dela eta, opilak bedeinkatzeko ekintza guztiakk bertan behera geratu dira, pertsona kopuru handien kontzentrazioa ekiditeko. Halere, etxetik bada ere, eguna ospatzeko deia egin du udalak. Horretarako, Irungo Udaltzaingoak opilak erosteko zenbait jarraibide eman ditu.
Ondorengoak dira hartu beharreko neurriak:
- Ahal den neurrian, opilak telefonoz eta telematikoki (online) erostea gomendatzen da, etxean jasotzeko.
- Opilak gertueneko establezimenduetan erostea aholkatzen da.
- Opila beste etxeetan bizi diren familiakoei banatzeko euren etxeetara joatea debekatua dagoela gogorazten da.
Interesdunentzat, parrokia batzuek ateak itxita emango dituzte bedeinkapen ekitaldiak, eta irratian, telebistan eta sare sozialetan emango dira. 11:00etan ekingo diote.